Gehigarria: gabonak

Herriari bizia emateko asmoz

Ataria 2023ko abe. 6a, 15:59

Oria Merkatari elkartea 2007. urtean sortu zuten, herriko merkataritza jarduera ekonomikoa sustatu eta bultzatzeko, eta bazkideen interesak defendatzeko helburuarekin. «Merkatari gutxi batzuk bildu eta herriak sektorearen lantalde bat behar zuela aurreikusi genuen», azaldu dute elkartetik.

Gaur egun 34 bazkidek osatzen dute elkartea, eta bi herri elkartzen ditu: Villabona eta Zizurkil. Urtean zehar hainbat kanpaina egiten dituzte, normalean zozketak izaten direnak, baina ez bakarrik, erosketen truke produktuak oparitu izan baitituzte. Adibidez, aurten mahaiko egutegiak oparitzen ari dira Gabonetako erosketak egiten dituztenen artean. Era berean, urtero irailean Stock Azoka egin ohi dute edota udaberrian Pariserako bidaia bat zozkatzen dute. 
Oria elkarteak badu beste berezitasun bat: bezero txartela. Txartel fisikoa da eta momentu honetan sei dendatan erabili daiteke. Erosketak egiten dituztenek, erosketaren %1 gehitzen dute txartelera. «Denda horretan bakarrik gastatu dezakezu, hau da, metatutako kopurua erosketa egin duzuneko dendan erabili dezakezu».


Erosketen ibilbidea ere egiten dute. Sei denda ezberdinetan bost euroko gutxieneko erosketa eginez gero, zigilu bat jartzen dute banatzen duten txartel batean, eta ondoren, parte hartzaile guztien artean txekeak zozkatzen dituzte. Pasa den urtean egin zen bezala, aurten ere txartelak banatu dituzte Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Lehen Hezkuntzako ikasgela guztietan, «funtzionamendu berdinarekin».  Merkatarien elkarteko klasikoen artean kontsumo bonuen kanpaina aipatu dute eta aurten abenduaren 9a arte luzatu dute.

Gabonetako eskaintza
Abenduan Gabonetako beste hainbat kanpaina izango dituzte martxan. Besteak beste, iaz egin zuten Asmatu prezioa izango dute aurtengoan ere. Honela, herriko merkatarien hainbat produkturekin beteko dute Villabonako Rural Kutxako erakusleihoa. Abenduan erosketak egiten dituztenek hainbat produkturen prezioak asmatzeko txartelak jasoko dituzte; preziora gehien gerturatzen den parte hartzaileak erakusleihoan dauden produktu guztiak irabaziko ditu.
Bada besterik, oraingoan gazteei begira eta herriko dendak ezagutarazteko helburuarekin. Galtzagorri pertsonaia ezkutatuko dute herriko hainbat erakusleihotan eta Galtzagorri topatzen dutenek dendariari esan beharko diote. Kanpainan parte hartzen duten gaztetxoen artean sari desberdinenak zozkatuko dituzte. 

Horrez gain, gaztetxoenei begirako eskaintza osatu dute abenduaren 26, 27 eta 28rako eta urtarrilaren 2, 3 eta 4rako. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo eraikin desberdinetan izango dira ekintza horiek.

ORIA MERKATARI ELKARTEA  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!