A30 Greba Feminista Orokorra

Gaur arrakalak bistarazi dituzte, bihar zartarazteko

Ataria 2023ko aza. 30a, 20:05

Mugimendu feministak Tolosan deitu du eskualde mailako manifestazioa eta 1.500 pertsona inguru batu dira; manifestazio buruak eta amaierak bat egin dute Trianguloan.

Tolosaldeko mugimendu feministak historikotzat jo du gaurko greba feminista orokorra. Antolatzaileek uste dute zaintza sistema publiko-komunitario baten alde urrats handia eman dela gaur. Tolosan egin den eskualde mailako manifestazioan 1.500 lagun inguru batu dira. Inoizko mobilizazio jendetsuenetakoa izan da gaurkoa eta une batean manifestazioaren buruak eta bukaerak bat egin dute Trianguloan.

Manifestazioaren amaieran oholtza gainera igo diren feministek elkartu den jende guztia zoriondu dute antolatzeko eta mobilizatzeko erakutsi duten gaitasunagatik. Aitortu dute mugimendu feministak gaurkorako bidea zaintza sektorearekin, eragileekin, sindikatuekin eta herri mugimenduarekin batera egin duela. "Aurretik Martxoak 8etan egindako greba feministek lortu zuten zaintza lanak agenda politikoan kokatzea. Hala ere, ikusi ditugu instituzioak eta alderdi politikoak, enpresa multinazionalak eta zaintza erregimen bidegabe hau sostengatzen dutenak gure diskurtsoak lapurtzen. Horregatik garrantzitsua izan da gaur gure aldarriak kalera ateratzea, instituzioak interpelatzeko, enpresariak salatzeko, baita eremu honetan inolako ardurarik asumitzen ez duten gizonak seinalatzeko ere".

Gaurko greba orokor feministaren antolatzaileek esan dute oso murritzak direla zaintza lanak eskaintzen dituzten gizarte zerbitzu publikoak, eta gainera, nabarmendu dute instituzioetatik zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari direla. "Zaintza negozioa bilakatu dute. Horregatik esaten diegu funts putre, multinazional, eta irabazi asmoari eusten dioten enpresa zein instituzioei, uzteko gure bizitzekin negozioa egiteari".

Premiazko eskaera gobernuei

Etxeko langileen esplotazioa eta prekarizazioa salatu dute gaur grebalariek eta esan dute atzerritartasun legeak eta honi lotutako arrazakeria instituzionalak, politikoak, legalak, sozialak, ez diela emakume etorkinei bestelako bizi eta lan aukerarik eskaintzen. Akordatu dira, baita ere, landa eremuaz; "bizitzeko, bizitza zaindu behar da, bai pertsonona, bai naturarena. Landa eremuak zerbitzu sozialez hustu eta turismo eta aisialdirako prestatu dituzte, bertako biztanleria ihes egitera bultzatuz". Aldi berean, Tolosaldeko mugimendu feministak bat egin du Euskal Herriko Pentsionisten mugimenduak aspalditik exijitzen duen 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskakizunarekin.

"Sistema kolapsatuta dago eta egoera larriei buelta eman behar diegu. Etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitarioa amesteko eta egikaritzeko unea da". Sistema publiko duina aldarrikatu dute eskualdeko feministek, osasuna, hezkuntza eta zaintza bermatuko dituena eta bizitzak erdigunean jarriko dituena.

Gogoratu dute, mugimendu feministak eragile eta sindikatuekin batera Herri Akordio bat osatu duela. "Euskal gobernuei zuzentzen ari gara, argi eta garbi: borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletxeetan, foru aldundietan ardura postu guztietan, zaintza sistema publikoaren bidean agenda markatu ezazue orain, bihar bertan. Ez egin entzungor gure eskaerei". 

Gaurko greba feminista orokorra mugarri bat izan dela aipatu dute deitzaileek, baina ez ezeren amaiera. "Indartsu aterako gara gaurkotik, eta antolatzen eta sareak ehuntzen jarraitzeko oinarri sendoak utziko dizkigu. Gure arteko aliantzak eraikitzen jarraituko dugu. Antolatu, zaindu eta bizirik mantendu gaur arte sortu dugun guztia".

Trianguloan amaitu den manifestazioan Oihana Iguaran bertsolariak bertso batzuk kantatu ditu bertan bildutako herritarren laguntzaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!