Irteera eta mintegi bat, Biodibertsitate guneko abenduko ekitaldiak

Ataria 2023ko azaroaren 29a

Abenduaren 3an Leaburu-Belauntza inguruan irteera egingo dute landa atlantikoaren ekologia ardatz hartuta eta abenduaren 13an, Tolosaldean harrapatutako fauna basatiaren azterketaren emaitzak aurkezteko mintegia eskainiko dute.

Tolosako Biodibertsitate Guneak irteera eta mintegi bat antolatu ditu abenduko jarduera eskaintzaren barruan. Irteera abenduaren 3an, igandean, egingo dute Leaburu-Belauntza inguruan, landa atlantikoko ekosistema arautzen duten gakoak behatzeko eta ulertzeko. Irteera 09:00etan abiatuko da Dama Berdetik. 

Hilaren 13an, berriz, Tolosaldean harrapatutako fauna basatiaren azterketaren 2023ko emaitzak aurkeztuko dituzte. Biodibertsitate Guneak 2023an Tolosaldean harrapatutako fauna basatiaren jarraipen eta monitorizazioa egin du, bide-sareek inguruko fauna ornodunean duten eragina ezagutzeko. Herritarren parte hartzeari esker gauzatu ahal izan da ikerketa hori, borondatez, eskualdeko bideetan harrapatutako fauna basatiaren inguruko informazioa jasotzen lagundu baitute. Abenduaren 13ko saioan, azken hilabeteetan jasotako informazioaren ondorio eta emaitzak aurkeztuko dituzte hain zuzen, 18:00etan Antxon Bandres txokoan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!