Aldundiak errepideak hobetzeko finantziazio gehiago eskainiko die udalerri txikiei

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 29a, 14:40
Berastegiko alkate Andoni Zuriarrain, Maria Ubarretxena foru diputatua eta Aiako alkate Jon Ander Azpiroz.

Finantziaziorako laguntza berriei esker, Gipuzkoako 13 udalerri txikik hobekuntza lanak egin ahal izan dituzte, tartean Berastegik, Amasa-Villabonak eta Bidania-Goiatzek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du herri txikietako bide azpiegiturak hobetzeko inbertsioari bultzada berria emango diola datorren urtean. Horretarako finantziazio-laguntzen deialdi berri bat irekiko du eta udalerri zein toki erakunde txikien jarduketetara bideratuko den partida bat aurreikusi du. Hala, ekimen guztiak batuta, orotara, Bide Azpiegituretako departamentuak 2024 urtean udalerri txikietara bereziki xedatutako 615.000 euroko inbertsioa egingo duela iragarri du Maria Ubarretxena foru diputatuak. Herri zein toki entitate txikiei baliabide gehiago eskaintzeko ahaleginari erantzuten dio sustapen honek Ubarretxenaren hitzetan «herri txikien eta landa eremuaren bizimodurako eta garapen sozial eta ekonomikorako funtsezko elementuak baitira azpiegitura hauek». Halaber, gehitu du Gipuzkoa dela estatu mailan bide errepideen artapen eta hobekuntza-lanetan proportzionalki inbertsio handiena egiten duen lurraldea eta herri txikiei dagokienez ere, «behar duten arreta» eskainiko zaiela.

Hainbat ekimen eta laguntza-lerro barnebiltzen ditu diputatuak aurkeztutako diru partida horrek. Batetik, segurtasuna hobetzeko lanetara 415.000 euroko partida zuzenduko du datorren urtean departamenduak bere eskumeneko errepideetan ohiko artapen eta hobekuntza lanak egiten jarraitu ahal izateko. Horrekin batera, udalerriekin lankidetza sendotu eta proiektuak finantzatzen laguntzeko helburuarekin, 200.000 euroko partida bideratuko du departamentuak hirugarren urtez jarraian, udalenak diren errepideetan lanak egin ahal izateko. Laguntza-lerro horrekin, 2022 urtean hasitako lurralde osoko 13 udalerritako (Abaltzisketa, Alkiza, Baliarrain, Berastegi, Lizartza, Orendain, Altzaga, Aia, Aizarnazabal, Ezkio-Itsaso, Idiazabal, Legorreta eta Olaberria) 17 obra finantzatu dituzte orain arte egindako bi deialdiei esker. Azken deialdiari esker, esate baterako, Berastegiko GI-2130 errepidearen eta Beheko kalearen arteko lotunearen hobekuntza lanak hasi dituzte. Hain zuzen, Andoni Zuriarrain alkateak herriaren biziraupenerako lan horiek duten garrantzia aipatu du: «Laguntza lerro honekin eta kudeaketa egoki bati esker, hainbat urtetan deialdi ezberdinetara aurkezteko aukera ematen da». Berastegik egin diren bi deialdietan aurkeztu ditu proiektuak eta, horri esker, aurrez landutako bi proiekturi behin betiko bultzada eman diotela esan du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Obra berriak abian 
Partida zuzen horiez harago, foru aldundiak obra ezberdinak egingo ditu udalerri txikietan eta landa eremuan datorren urtean. Esaterako, Villabona eta Amasa lotzen dituen lotunea hobetzeko 320.000 euro bideratuko ditu. Horrez gain, datozen asteetan Bidania-Goiazko eta Beizamako errepideetako lanak iragarriko dituztela aurreratu du foru diputatuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!