Erreportajea

Harmonia zainduz, intentsitate bila

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 29a, 12:00
Aitor Azkolain, Unai Garcia, Unax Larreta, Ion Garate eta Aitor Amonarriz, Nunk musika taldeko kideak. Argazkia: Nunk

Hiru urtez kantuak grabatu gabe eta kontzertuak egin ezinik ibili ondoren, martxa hartuta dator metalcore generoa lantzen duen Nunk musika taldea; bost kideetatik hiru eskualdekoak dira.

Duela hiru urte sortu zen Nunk musika taldea. Lehenago, Eztanda taldean aritu ziren Ion Garate bateria-jotzaile belauntzarra eta Aitor Azkolain gitarra-jotzaile ibartarra, eta taldea uztea erabaki zuten, taldekideek helburu eta funtzionatzeko modu desberdinak zituztela eta. Orduan, Aitor Amonarriz gitarra-jotzaile billabonatarrarekin eta Unax Larreta abeslari hernaniarrarekin elkartu ziren Garate eta Azkolain.

Gerora, sare sozialen bitartez, baxu-jotzaile baten bila zebiltzala zabaldu zuten, eta Unai Garcia andoaindarrarekin egin zuten topo. «Ezkutuan zegoen altxor bat da; oso ondo egin zuen bat taldearen izaerarekin», adierazi du Garatek. «20 urte besterik ez ditu eta jakintza handia eta ikuspegi oso zabala du musika munduan», gaineratu du Azkolainek. Ondorioz, boskotea osatuta, talde gisa entseatzen hasteko aukera izan zuten.

Taldearen izena nondik datorren galdetuta, taldekideek esan dute ez duela esanahirik. «Taldea sortu genuenean, izen posibleen zerrenda bat egin eta bozkatuena hautatu genuen. Gerora jakin dugu nunc hitzak latinez orain esan nahi duela», esan du ibartarrak. «Izenaren sonoritatea gustuko genuen, eta gainera, ez zuen esanahirik. Gu gara Nunk, beste ezer ez. Horrela, nortasuna ematen diogu izenari», gaineratu du belauntzarrak.

Metalcore generoa lantzen dute gehienbat. Garateren esanetan, intentsitatearen eta doinu melodikoen arteko oreka bilatzen saiatzen dira. «Harmonia asko zaintzen dugu. Guztiak ez du hain iluna edo hain gogorra izan behar. Bigarren ahotsarekin jolastuz eta teknika landuz, doinu estimulatzaileak lortu ditugula uste dut», nabarmendu du Azkolainek.

Genero hori Euskal Herrian nahiko luketena baino gutxiago entzuten bada ere, pentsatzen dena baino talde gehiago daudela esan dute, eta orain asko ari dira ezagutzen. Taldeko kideen erreferentziazko talde gehienak, ordea, ingelesezkoak dira, eta horregatik, hizkuntza horretan idatzitako letrak abesten dituzte. «Kantuak euskaraz ere sortu nahiko genituzke, baina zaila izango da Unax konbentzitzea, oso britainiarra baita».

Egindako lanaren emaitzak

Lehen urteak «oso gogorrak» izan direla aitortu du Garatek. «Hiru urte igaro dira eta bi kantu bakarrik argitaratu ditugu. Buruhauste ugari izan ditugu, baina aurrera egitea lortu dugu, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Zenbait momentutan taldea uztea pentsatzera ere heldu ginen». Inflexio-puntu bat izan zela esan du Azkolainek. «Material ugari genuen, baina talde dinamika sortu eta erritmo jakin bat hartzea falta zen». Garateren ustez, hori da hain justu musikari batek behar duena. «Grabaketak egitea edota kontzertuak ematea, egindako lanaren emaitzak ikustea, alegia. Horri esker, une honetan, motibazio handiagoa dugu».

Deafmind eta This is not a dream dira taldeak orain arte grabatu eta argitaratu dituen kantuak. Lehena, asmatutako hitza da. «Garun gor bat zer litzakeen transmititu nahi genuen. «Gizarteak beti esaten dizu guztia egina dagoela eta ezin duzula ezer berria egin, alperrik ari zarela. Guk, ordea, garuna deskonektatu eta entzungor egiten dugu», azaldu du belauntzarrak. This is not a dream esaldiak, berriz, Hau ez da amets bat esan nahi du. «Blokeo momentu bat irudikatzen dugu kantu honetan, askotan geratzen garelako gauzak egin gabe edo esan gabe, beldurraren erruz», esan du ibartarrak.

Disko bat grabatzeko nahia

Une honetan, kontzertu berriak lotzen eta abesti berriak grabatzen ari dira, taldea ezagutzera eramatea baita lehentasuna. Hurrengo urtean zehar beste zenbait abesti argitaratu nahi dituzte. «Disko bat ere grabatu nahiko genuke, baina barne gatazka bat daukagu, gaur egun musika entzuteko beste modu batzuk daudelako. Hala ere, musikari edo talde batek disko bat ez izatea nahiko tristea iruditzen zaigu», adierazi dute.

Bi kontzertu egin dituzte oraingoz, Santurtziko La Kelo gaztetxean eta Donostiako Mogambo aretoan. «Espero genuena baino erantzun hobea izan dugu, eta horrek indar handia ematen digu aurrera begira», azpimarratu du Azkolainek. Abenduaren 16an izango da eskualdean egingo duten lehen saioa; Bonberenean ariko dira. «Gogo handia dut, estimu handia diodan tokia delako; etxean bezala sentiarazten nau. Kontzertuak entzuteko eta talde ezezagunak ezagutzeko ere toki oso aproposa da», esan du Garatek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!