Itaia mugimenduak Euskal Herriko Mugimendu Feministak ostegunerako deitu duen greba feminista orokorrari lotuta galdetu du ea benetan zeinen interesak ari diren defendatzen. Amaia Iparragirre eta Estitxu Moyano Tolosaldeko Itaia mugimenduko kideek azken garaian sumatzen den langileen lan baldintzen okertze nabarian jarri dute azpimarra. «Zein da benetan arazo guzti horien erroa? Galderari erantzuteko, ezinbestekoa deritzogu gaur egun bizi dugun krisi testuinguruari buruz hitz egitea». Zentzu horretan esan dute sistemaren antolaketa kapitalista «bere bukaerara gerturatzen ari den honetan» langile klasea ari dela ondorio horiek pairatzen.
Horrek guztiak azaroaren 30erako deitutako greba deialdiarekin zerikusia duela euste dute; «aipatu dugun krisi testuinguru horretan, non lan sektore desberdinen baldintzen okertze bat ematen ari den, zaintza arloa ez da salbuespena». Zaintza arloa prekaritateak definitu ohi duela uste dute eta gogoratu dute historikoki lan baldintza txarrak dituen sektorea dela. «Hori ez da ausaz gertatzen, zaintza arloa orokorrean lan sektore feminizatua da, hau da, subjektua emakume langilea du, emakume langile atzerritarra kasu askotan». Horri lotuta gehitu dute emakume migratuen, arrazializatuen eta ijitoen erakunde desberdinek haien iritzia mahai-gaineratu dutela greba feministaren harira. «Beraien hitzetan, grebarekin problematizatzen ari den zaintzaren auziari, hau da, emakume langileen egoera prekarioari aurre egiteko gaur gaurkoz jartzen diren mekanismoak zalantzan jartzen dituzte».
Itaiaren planteamendua
Itaiaren planteamendua erabat desberdina dela esan dute Iparragirre eta Moyanok eta euren proposamenaren gakoa instituzioetatik kanpo antolatzea denez, euren greba deialdirako aldarria Lan eta bizi baldintza berdinak denontzat dela esan dute. «Beraz, langile guztientzako –atzerritarrentzat, kontratu gabeentzat...– benetako aldaketa positibo baten alde egiten dugu. Horretarako, instituzioen limosnei uko egin eta alternatiba sozialista eraikitzea da gure hautua».
Zaintzaren auziari berezkoa duen garrantzia eman behar zaiola uste dute eta kaleak hartzeko deia egin dute, «beti ere lan eta proposamen politiko batzuen barruan oinarrituta».
Deialdia, Donostian
Itaiak bere greba deialdi propioan parte hartzeko deia egin du eta gogoratu mobilizazioa egingo dutela bihar 13:00etan Donostiako Boulevardean.