Euskal Herriko Mugimendu Feministak lehenengo greba feminista orokorra deitu du ostegunerako, azaroak 30, zaintza eskubide kolektiboaren alde egiteko helburuz.
Tolosaldeko ordezkariek esan dute Euskal Herrian, gaur egun, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago daudela. «Nahiz eta administrazio publikoa izan zaintza zerbitzuak kudeatzeko ardura duena, kasu gehienetan kudeaketa enpresa pribatuen esku utzi dute eta horrek prekarizazioa ekarri du».
Gaineratu dute inork egin nahi ez dituen lanak emakumeen esku geratzen direla, emakume migratzaileen esku kasu askotan, «feminizatuak eta prekarizatuak, eta ez dute ez aitortza sozialik, ez politikorik, ezta ekonomikorik ere». Nabarmendu dute horrek eragin zuzena daukala zainduaren arretan, eta horregatik ezinbestekoa dela langileek lan baldintza duinak izatea zainduaren arreta ere kalitatezkoa eta duina izan dadin.
MOBILIZATZEKO ARRAZOIAK
Mugimendu feministaren hitzetan ez dira gutxi hilaren 30ean kalera ateratzeko arrazoiak, «erresidentzietako pribatizazioak, zerbitzu publikoetako murrizketak, Atzerritartasun Lege arrazista, barne erregimena, langileen lan baldintza prekarioak», besteak beste. Eta gizarteak aurrean duen erronka ez dela makala uste dute: «zaintza sistema publiko eta komunitarioa sortzea, herritar guztion zaintza eskubide kolektiboaren alde».
GIZON ZEIN EMAKUME
Denon bizitzak erdigunean jarri nahi dituzte eta bizitza sostengatzeko beharrezkoak diren lan guztiak ikustarazi eta lehen lerrora ekarri. «Zaintza eskubidearen aldeko borroka jendarte osoari begirakoa da, eta beraz, emakumeak zein gizonak gaude greba egitera deituta. Ezinbestekoa da zaintza lanak partekatzea, eta gizonok ere zaintza lanen gaineko erantzukizuna hartzea».
INSTITUZIOAK
Zaintza eskubidea unibertsalizatu behar dela uste du mugimendu feministak eta horretarako instituzio publikoek haien ardura hartu eta politika publikoetan aldaketa eragin behar dutela uste dute. «Horrez gain, zaintza eskubidea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da oinarrizkoak diren beste eskubide batzuk bermatuak izatea, etxebizitza eskubidea edota gutxieneko pentsioa, kasu».
Azkenik, zaintza lanak aitortu eta duindu behar direla esan dute, eta enplegua den egoeretan, lan baldintzak hobetu.
Greba Feminista Orokorrerako gutxi geratzen dela gogoratu dute eta aurreko egunetan kaleak astintzeko deia luzatu diete herritar guztiei. «Azaroaren 30a mugarria baino ez da, eta hurrengo egunean ere borrokan eta lanean jarraituko dugu zaintza lanak demokratizatzera bidean urratsak ematen jarraitzeko».
Hori guztia kontuan hartuta eskualdeko herritar guztiei azaroaren 30erako eskualdean antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die mugimendu feministak, eta gogoratu dute eskualdeko mobilizazio nagusia 18:00etan abiatuko dela Tolosako Trianguloatik.
Egitaraua
Amasa-Villabona
- 10:00. Elkartasun piketea Berdura plazatik abiatuta.
- 12:00. Mobilizazioa Malkar plazatik.
- 14:00. Bazkari autogestionatua Berdura plazan (etxetik eraman behar da bazkaria).
Anoeta
- 10:00. Kafe tertulia plazan.
- 12:00. Kalejira herrian zehar.
Ibarra
- 10:00. Tolosako kotxe karabana deialdia.
- 12:00. Mobilizazioa plazan.
- 17:30. Jende-katea Tolosako Triangulora.
Ikaztegieta
- 10:00. Gosari tertulia Ostatuan.
Irura
- 12:00. Elkarretaratzea plazan.
Tolosa
- 10:00. Kotxe karabana Usabalgo aparkalekutik.
- 10:30. Agerraldia Iurreamendi egoitzan.
- 11:30. Agerraldia Uzturre egoitzan, eta amaiera.
- 12:00. Elkarretaratzea Trianguloan.
- 18:00. Eskualde mailako manifestazioa, Trianguloa plazatik.
Grebarekin bat egin duten eragileak
- Altzoko Mariren Alabak
- Irura Moretuz
- Bidania-Goiazko matraka taldea
- Matraka Talde Feminista
- Lurgatz Talde Feminista
- Tolosako Asanblada Feminista
- Tolosaldeko Asanblada Feminista
- Zartada Neska Gazte Taldea
- Deabruak Kalera Talde Feminista
- ELA sindikatua
- LAB sindikatua
- Sortu
- Pentsiodunen Mugimendua
- Ernai
- Oneka
- TOPA
- Iurreamendiko Egoiliar Senitartekoen Taldea
- Akain Talde Feminista
- Tolosaldeko Ataria