Tolosaldeko Turismo Bulegoak 'Queer Destinations Committed' bereizgarria lortu du

Ataria 2023ko aza. 27a, 11:59

Tolosaldea Garatzen garapen agentziako turismo sailak «oso pozik» hartu du berria. «Komunitateko turistarentzat bermea den zigilu bat da, esperientzia inklusibo, seguru eta ezin hobea gozatu nahi duenarentzat», esan du.

Tolosaldea Helmugaren Garapen Turistiko Iraunkorra sustatzeaz arduratzen den Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak, aniztasunarekiko errespetuaren balioa «erabat» partekatzen du, eta bisitariekiko harrera hobetzeko asmoz, ez zuen zalantzarik izan Queer Destinations Committed bereizgarriaren prestakuntzan parte hartzeko. «Nazioartean aitortutako arau honek guztiontzako esperientzia segurua eta abegikorra bermatzen du, sexu-orientazioa, genero-identitate eta genero-adierazpena alde batera utzita», adierazi dute.

Euskadiko Kode Etikoan ere parte hartzen du. Horrela, Tolosaldeko sektore turistikoko enpresek kode horretara atxiki eta oinarri dituen balioekin lan egin dezaten sustatzea da helburua. «Kode horren lehenengo bi printzipioak aniztasunari eta inklusioari buruzkoak dira, eta uste dugu gure lana gidatu behar duten balioak direla», adierazi dute.

Balio horietako bat turistak ulertzen eta errespetatzen laguntzea da. «Komunitate hartzaileek zein tokiko agente profesionalak bisitatzen dituzten turistak ezagutzen eta errespetatzen ikasi beharko dute, baita haien bizimoduari, gustuei eta espektatibei buruzko informazioa jasotzen ere. Profesionalei ematen zaien hezkuntzak eta prestakuntzak turistei harrera egiten lagunduko die».

Bestetik, berdintasuna, inklusioa eta aniztasunarekiko tolerantzia oinarri dituen balioa dago. «Turismoa garapen indibidual eta kolektiborako bitarteko pribilegiatu gisa ulertu eta praktikatu behar da; oro har, atsedenari, aisiari, kirolari eta kulturarako eta naturarako sarbideari lotutako jarduera da. Beharrezkoa den jarrera irekierarekin gauzatzen bada, autoikaskuntza, elkarrekiko tolerantzia eta herrien eta kulturen arteko desberdintasun legitimoak eta aniztasuna ikasteko faktore ordezkaezina da».

Guzti honekin, Tolosaldea helmuga inklusiboa izatea nahi dute. «Prozesu honek LGTBQ+ komunitatearen beharrizanei buruz hausnartzeko eta horretan sakontzeko aukera eman digu, komunitatearen barruko errealitateekin ikasteko eta enpatia izateko diseinatutako prestakuntzari esker, LGBTQ+ komunitateari, kontsumo-ohiturei eta horiek behar bezala artatzeko moduari buruz ikasiz. Garrantzitsua da kolektibo horretako pertsonak nola tratatu jakitea, diskriminaziorik gabeko protokoloak sortuz eta hauek betearaziz, taldea prestatuz eta sentsibilizatuz, estereotipoez jabetuz, horiek hausteko; azken finean, Tolosaldea turismo-helmuga iraunkor eta inklusibo gisa garatzeko bidea indartuz.

Horregatik guztiagatik, turismo sailak adierazi du Tolosaldeak bat egiten duela diskriminazioarekiko zero tolerantziaren politikarekin. «Orain hobeto ezagutzen ditugu beren berezitasunak, enpatia handiagoa dugu, beste edozein pertsona bezala tratatzen ditugu eta diskriminazio egoerak prebenitzen ditugu etxean bezala sentiarazteko Tolosako Turismo Bulegoan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!