Tolosaldeko mugimendu feministako kideek mobilizazioak deitu dituzte gaurko, emakumeek jasaten duten indarkeria amaitu behar dela argi eta ozen esateko. Mobilizazio horietako bat Zizurkilgo Joxe Arregi plazan egin dute, eguerdian, Akain eta Lurgatz talde feministek deituta, Indarkeria Matxistarik gabeko bizitzak orain lelopean. Berez, Villabonako oinezkoen zubian ziren egitekoak, baina azkenean Zizurkilgo plazara joan dira, eta bertan egin dute ere Irradaka dantza.
Aurten ere indarkeria matxistaren ondorioak «beldurgarriak» izaten ari direla azpimarratu dute. «Euskal Herrian lau emakume eta haur bat erail dituzte, eta haserre, nazkatuta eta amorratuta gaude. Gure babesa helarazi nahi diegu haurraren senitartekoei eta eraildako emakumeei. Zuen ondoan izango gaituzue beti».
Erailketa hauek «indarkeria matxistaren ondorio larrienak» direla gogorarazi nahi izan dute. «Baina indarkeria horrek askotariko ertzak ditu, eta emakumeok, transok eta bollerok egunero jasaten dugula indarkeria matxista lantokietan, kalean, eskolan edota gure kuadrilletan. Indarkeria hau ez da kasualitatez gertatzen, eta ezinbestekoa da sistema kapitalista, heteropatriarkala eta arrazista eusteko, indarkeria honek balio baitu askotariko desberdinkeria eta zapalkuntza egoerak sortzeko», gaineratu dute.
Azkenik, instituzioei dei egin die erantzukizunak har ditzaten, eta indarkeria matxista agenda politikoaren lehen lerroan jar dezaten. «Ez digute ezertarako balio argazkiek, edota baliabiderik gabeko neurri eta proposamenek. Nazkatuta gaude instituzioek mugimendu feministaren proposamen eta aldarrikapenak bereganatzeaz eta edukiz husteaz. Horrez gain, gizonak interpelatu nahi ditugu, dagokien erantzukizunak har ditzaten, beren praktikak aldatu ditzaten, eta sistemaren konplizeak izateari utz diezaioten».