Iberiar Txapelketa irabazi dute Saralegik eta Regillagak

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 22a, 19:59

Unai Regillaga eta Unai Saralegi, Iberiar Txapelketako txapeldunak.

Nage No Kata modalitatean lortu dute garaipena Judo Klub Tolosako bi judokek. Denboraldi berrirako sailkapenerako puntu baliotsuak lortu dituzte.

Judo Klub Tolosako Unai Saralegik eta Unai Regillagak larunbatean Caceresen (Espainia) jokatutako Nage No Katako IX. Iberiar Txapelketa irabazi zuten. 434,5 puntu lortu zituzten, eta bigarren geratu zirenak 411 puntura iritsi ziren.

Saralegi gaixo egon zen, eta Munduko Txapelketaren ondoren ezin izan zituzten entrenamendu asko egin. «Datorren urterako sailkapenerako lehen proba izaten da, eta puntuak jokoan izaten direnez, bertara joatea erabaki genuen», esan du Saralegik. «Gure betiko aurkariek, Extremadurako bikoteak, ez zuten parte hartu, bati ebakuntza egin ziotelako. Beraiek ez zeudenez, bidea nahiko zabalik genuen garaipena lortzeko».

Saioan nabaritu zuten aurretik izandako entrenamendu falta. «Nik nabaritu nuen eta kostatu zitzaidan saioa bukatzea», esan du Saralegik. «Baina bideoa ikusi genuen, eta ez zen asko nabaritu. Nahiko aldea atera genien bigarrenari eta hirugarrenari eta Munduko Txapelketako arantzatxo hori kendu dugu».

Judo Klub Tolosako beste bikotea, Joseba Regillagak eta Joseba Etxarrik osatutakoa, ez zen txapelketan izan. Etxarri orkatila minduta itzuli zen Munduko Txapelketatik. «Iberiar Txapelketaren aurreko astelehenean proba egin zuten, eta erabaki genuen hobe zela ez joatea, minarekin baitzegoen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!