Iztueta eta Ugartemendia izango dira Binakako Serie B Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 22a, 19:00
Txapelketan parte hartuko duten hamasei pilotariak. BAIKO PILOTA

Baikok eta Aspek gaur aurkeztu dituzte 2024ko Binakako Serie B Txapelketa irabazten saiatuko diren zortzi bikoteak. Baikoko lau bikote eta Aspeko beste lau saiatuko dira txapela janzten martxoaren 23an Labriten jokatuko den finalean.

Orain arte promozio mailako txapelketa deitu zaionari izena aldatu diote eta Binakako Serie B Txapelketa jarri. Eskualdeko bi pilotari izango dira bertan, biak Baiko enpresakoak eta atzelariak: Martxel Iztueta tolosarra, bere bigarren parte hartzean, eta Gorka Ugartemendia alkizarra, bere lehenengoan. Iztuetaren aurrelaria Agirre izango da, eta Ugartemendiarena Zubizarreta III.a. Baikoren beste bi bikoteak Alberdi II-Morgaetxebarria eta Larrazabal-Eskiroz izango dira. ASPE Pelotak aukeratu dituenak hauek izan dira: Egiguren V-Eskuza, Salaberria-Arbizu, Exposito-Gaskue, eta De la Fuente-Bikuña.

Ostiral honetan, Azkoitian emango diote hasiera lehiaketari Egiguren V-Eskuzak eta De la Fuente-Bikuñak. Larunbatean, Agirre-Iztuetak eta Alberdi II-Morgaetxebarriak jokatuko dute elkarren aurka Aizarnazabalen. Igandean Zubizarreta III.a eta Ugartemendia, eta Senar, Larrazabal ordezkatuz, eta Eskiroz izango dira aurrez aurre Seguran. Eta azaroaren 30ean, Eibarren, Salaberria-Arbizu eta Exposito-Gaskue saiatuko dira aurreneko puntua eskuratzen.

Martxora bitartean luzatuko da Eskuz Binakako Serie B Txapelketa. Zazpi jardunaldiko bi itzuli, orotara hamalau jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek sailkapen ligan. Bi bikote onenak zuzenean sailkatuko dira finalerdietako ligara eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatuek playoffak jokatu beharko dituzte aurrera egin ahal izateko. Finalerdietako ligak hiru jardunaldi izango ditu eta final handia Labriten izango da martxoaren 23an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!