Eskualdeko bost pilotari binakako txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 21a, 11:59
Binakako Pilota Txapelketan parte hartuko duten hamasei pilotariak. BAIKO PILOTA

Aspe enpresako Jokin Altuna eta Xabier Tolosa daude txapelketan, eta Baiko Pilotako Erik Jaka, Jon Ander Peña eta Iñaki Artola.

Ostiral honetan jarriko da martxan lehen mailako Binakako Pilota Txapelketa. Ohi bezala, zortzi bikote ariko dira lehian, lau enpresa bakoitzetik. Tolosaldeak ordezkaritza zabala izango du txapelketan, hamasei pilotarietatik bost eskualdekoak baitira. Aspetik Jokin Altuna amezketarrak Martijarekin jokatuko du; 2022 txapeldun izan zen bikote hori. Xabier Tolosa atzelari anoetarra berriro ere titular izango da, eta Ezkurdiaren ariko da; aurreko txapelketan Altuna III.arekin aritu zen, eta finalerdietako ligaxkan lesionatu egin zen. Baiko Pilota enpresatik eskualdeko hiru pilotari ariko dira. Berritasuna Iñaki Artola alegiarra izango da, aurreko bi txapelketetan ez baitzen sartu; Imaz izango da bere atzelaria. Erik Jaka lizartzarra Mariezkurrena II.arekin ariko da, gaur egun sasoi onenean dagoen atzelaria. Jon Ander Peña tolosarra Albisurekin ariko da.

Beste hiru bikoteak Elordi-Rezusta, Peio Etxeberria-Zabaleta eta Laso-Aranguren izango dira. Altuna III.a lesionatuta dago, eta ez da hasiko txapelketan lehiatzen oraingoz, bere ordez Elezkano II.a ariko da. Laso ere ez dago guztiz osatuta bere lesiotik, eta bere ordez Larrazabal ariko da.

Txapelketak azken urteetako dinamika bera izango du. Hamalau jardunaldi izango ditu hasierako faseak, eta bikote bakoitzak besteen aurka bi aldiz jokatuko du. Fase hori bukatzerakoan, lehen bi bikoteak zuzenean finalerdietarako sailkatuko dira. Hirugarren eta laugarren sailkatuek elkarren aurka jokatuko dute, eta irabazlea ere finalerdietara sailkatuko da. Galtzaileak beste aukera bat izango du: bosgarren eta seigarren sailkatuen arteko neurketako irabazlearen aurka jokatuko du finalerdietarako azken lekuaren lehian. Finalerdietan ligaxka jokatuko dute lau bikoteek elkarren aurka eta lehen bi sailkatuek jokatuko dute finala, 2024ko martxoaren 31n, Nafarroa Arenan. 

Lehen jardunaldian, Azkoitian jokatuko dute ostiralean Ezkurdia-Tolosa bikoak eta P. Etxeberria-Zabaleta bikoak. Larunbatean, Aizarnazabalen, Jaka-Mariezkurrena II.a eta Laso-Aranguren bikoen txanda izango da. Igandean, Seguran, Artola-Imaz eta Peña II-Albisu bikoak ariko dira, eta hilaren 30ean, Eibarren, Elordi-Rezusta eta Altuna III-Martija.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!