Musika joz ospatuko dute musikarien eguna

Jon Miranda Labaien 2023ko azaroaren 16a

Loatzo musika eskolak Santa Zezilia egunaren bueltan kontzertu sorta antolatu du igandean bertan hasita. Mankomunitateko kide diren zortzi herrietan izango dira kontzertuak.

Santa Zezilia aitzakia hartuz, aurten Musika Astea antolatu du Loatzo musika eskolak, mankomunitatea osatzen duten zortzi herrietan, "musika lagun izan dezagun". Adunan abiatuko dute ibilbidea igandean, Loatzo musika bandaren emanaldiarekin eta ondoren saioak izango dira Alegian, Iruran, Zizurkilen, Ibarran, Altzon, Villabonan eta Anoetan.

"Taldeak, ganbarak eta musika tresna guztiak batera edo bestera doinuak jotzen arituko dira. Tresna eta talde bakoitzaren atzean ikasle gogotsuak daude eta emanaldi hauetan parte hartzeko egin duten lanagatik zoriondu nahi ditugu", esan du Onintza Erkizia Loatzo musika eskolako ikasketa buruak.

Erkiziak aitortu du "ilusio handiz" prestatutako emanaldiak izan direla eta ikasleek haietan gozatzea espero dutela. "Gure eskerrik beroenak zortzi herrietako udal arduradunei eta teknikariei aste honetako melodiak goxatzen laguntzeagatik".

Egitaraua

  • Azaroak 19, igandea
    • ADUNA
      • 12:30. Loatzo musika bandaren emanaldia plazan.
  • Azaroak 20, astelehena
    • ALEGIA
      • 18:30. Ganbara kontzertua kultur etxean.
  • Azaroak 21, asteartea
    • IRURA
      • 18:30. Talde instrumentalak eta gitarra taldea.
  • Azaroak 23, osteguna
    • ZIZURKIL
      • 18:30. Abesbatza, txistulari taldea eta pandero taldea plazako aterpean.
    • ALTZO
      • 18:30. Batzarremuñon gitarra taldea eta talde instrumentala.
    • VILLABONA
      • 19:00. Berdura plazan tailerrak eta Anakruxa taldea.
    • IBARRA
      • 19:30. Plazako aterpean dultzaina taldea.
  • Azaroak 24, ostirala
    • ANOETA
      • 18:30. Auditorioan ganbara eta eskusoinu taldea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!