Denen ahotan dago klima larrialdia. Ez da fenomeno sinplea, ordea, ertz asko ditu arazoak eta horietako bat dira hondakinak. Bizi garen lur honek hondakinei aurre egiteko baliabide natural mugatuak ditu eta, bide beretik, hondakinak eta zaborrak ezabatzeko gaitasuna ere ez da mugagabea. Kutsadura hori murrizten laguntzen du birziklapenak, baina, gaur egun, oraindik, ez du jende guztiak birziklatzen eta egiten dutenek ere, sarritan izaten dituzte zalantzak. Hain zuzen gabezia horiei aurre egiteko jarri du martxan Eman aurpegia! kanpaina Tolosaldeko Mankomunitateak.
Urrian hasi zuten lanketa, eta lau hilabete iraungo ditu, zehazki, datorren urteko urtarrilera bitarte. Gehiago eta hobeto birziklatzea helburu, jendearen kontzientziazioa areagotzeko eta zalantzak argitzeko denetariko baliabideak zabaldu dituzte eskualde osoan. Arazoak guztiei eragiten dienez, guztien eskura jarri dituzte baliabideak: batetik, gida bat sortu dute, non zehatz-mehatz bildu dituzten mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak. Horrez gain, argi azaltzen du, baita ere, bilketa lerro bakoitzean zein hondakin bota behar diren, eta non jarri behar den arreta berezia. Hori gutxi ez, eta gida postontzietan banatuko dute jendeak eskura izan dezan.
Baliabide hori nahikoa ez dela aurreikusita, beste hainbat tresna ere jarri dituzte herritarren eskura, esaterako, kanpainaren web orrialde berezia. Bertan parte hartu daiteke zozketetan, eta eskura daude birziklatzen ikasteko jolasak ere; gure planetaren etorkizuna zaintzea etorkizuneko belaunaldien ardura ere izango baita.
Gertukoa
Mankomunitateko lehendakaria da Alaitz Labaien, eta ingurumen arduradura, berriz, Gemma Ezeiza; biek ala biek uste dute beharrezkoa dela jendearengana gerturatzea kanpaina batek arrakasta izan dezan, eta, hain zuzen, horretarako ere prestatu dituzte jarduerak: herriz herri informazio puntuak jartzen ari dira. Gune horietara herritarrak gerturatzeko gonbidapena luzatu dute, aurrez aurre errazagoa izaten baita zalantzak galdetzea eta argitzea.
Eta zein izaten dira, bada, zalantza nagusiak? Mankomunitateko arduradunek azaldu dute etxeetan hondakinak gaika sailkatzeko garaian zalantza gehien sortzen dituztenak direla material ezberdinekin osatutako zaborrak. Hondakinak ezaugarri batzuen arabera sailkatu behar dira, eta dagokien ontzira bota, jakina. Hori horrela, errefusa izan beharko litzateke gutxien erabiltzen den edukiontzia.
Baina lehen aipatutako informazio puntuak ez dira jendearekin lan egingo duten momentu bakarra. Herritarrez gain, jabetzen dira badirela hondakin sortzaile handiak ere, kasurako, supermerkatuak, ostalaritza establezimenduak, fruta dendak eta arropa edo oinetako dendak. Saltoki horietara mankomunitateko bi hezitzaile hurbildu dira haiei zuzendutako hondakin bilketa pertsonalizatuko zerbitzuaren xehetasunak gogoraraztera.
Zerrendatutako jarduera guztiez gain, herriz herri hondakinak biltzen ibiltzen diren ibilgailuetan kanpainaren oharren eta mezuen errotuluak jarri dituzte.
Jarduera guztiak kalitatez egitea eta lanketa eraginkorra izateko helburuarekin, hiru fasetan banatu dute kanpaina: lehen aldian, landa eremuko hamabost udalerritan aritu dira; bigarrengoan, herri ertainetan egingo dute lan; eta, azkenik, hirugarren fasean mankomunitateko udalerri handienetara joango dira eta merkataritza establezimenduetara ere gerturatuko dira.
Herritarren osasuna zaintzea
Helburu behinenak planetaren etorkizuna eta herritarren osasuna zaintzea badira ere, legeak ere zehazten ditu hainbat xede. Hain zuzen, iazko apirilean argitaratutako estatuko aldizkari ofizialean legeak esaten du hondakinen arloko edozein politikaren lehen helburua izan behar dela hondakinen sorrerak eta kudeaketak osasunean eta ingurumenean dituen ondorio negatiboak ahalik eta gehien murriztea.
Eskualdeko 28 herrietan bataz besteko emaitza ona da gaikako bilketan: %66 ingurukoa. Herrietara banaka begiratuz gero, ordea, ikusten da herri batzuk oso tasa altua dutela eta, ondorioz, bataz besteko hori igotzen dutela; baina beste batzuk tasa baxuagoa daukatela.
Bada, herritar guztien erronka da, gaikako bilketa hori geroz eta hobeto egitea herri guztietan.
TOLOSALDEKO MANKOMUNITATEA
- Helbidea. Bazurka Industrialdea, 50 (Alegia).
- Telefono zenbakia. 943 676 216
- Mankomunitatearen webgunea. tolosaldekomankomunitatea.eus
- Kanpainaren webgunea. emanaurpegia.com
- Emaila. info@tolosaldekomankomunitatea.eus
- Zerbitzuak.
- Nire herriko bilketa
- Merkataritza, ostalaritza zerbitzuak
- Industriako zerbitzuak
- Bolumen handiko bilketa
- Garbiguneak
- Hondakin arriskutsuen etxolak