Bertsopentsiotan pentsioen gaian sakontzeko

Ataria 2023ko azaroaren 14a

Tolosaldeko pentsiodunen mobilizazioetako bat.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak euskara, kultura eta bertso munduarekin lotura duen ekimena plazaratu du: Bertsopentsiotan, Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa. Lanak urtarrilaren 15a bitarte bidali daitezke.

Pentsiodunen mugimenduak Bertsopentsiotan, Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa antolatu du pentsioen gaian sakontzeko aukera eskaini eta «bertsogintza, pentsamendu eta ideia berriak gizarteratzeko baliabide gisa». Bertsopentsiotan lehiaketak euskara, kultura eta bertso mundua uztartzen dituela esan dute: «Astelehenero plazetan biltzen garenon belaunaldiak ez du izan erraztasunik euskaradunak izateko. Batzuoi, gurasoen patrimonioa debekatu eta eskoletan gaztelera edo frantsesa inposatu ziguten; beste askori, berriz, berreskuratzeko inolako baliabiderik ez diete eskaini. Ariketa xume hau pentsiodunen mugimenduak euskal kulturari egin nahi dion ekarpena da».

Euskal Herriko zein diasporako pentsiodun eta 60 urte bete dituzten guztiek bidali ditzakete lanak eta Ari garela, ari garela, astelehenero kalean da gaia. Lanak gutxienez 3 eta gehienez 6 bertsoko sortak izan behar dira, neurri librean eta, ahal dela, erabilitako doinua zehaztuta. Bertsoak posta arruntaz (20 posta kutxa, Iurreta, 48.215 -Bizkaia-) edo helbide elektroniko bidez (bertsopentsiotan@gmail.com) bidali daitezke eta urtarrilaren 15a izango da azken eguna. Sari banaketa egiteko ekitaldi publikoa eta zabala egingo dute, parte hartzaile guztiak egongo dira gonbidatuta eta sarituek euren bertsoak kantatzeko aukera izango dute. Ez da diru saririk izango. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!