Eskualdeko ekonomia sustatzeko jardunaldia

Ataria 2023ko aza. 15a, 07:59

Lehiberri eguna egingo dute datorren asteko ostegunean, azaroaren 23an; hitzaldia, mahai ingurua eta saretze ariketa izango dituzte.

Datorren asteko ostegunean, hilaren 23an, egingo du Lehiberri eguna Tolosaldea Garatzenek. Hiru jarduera bilduz antolatu dute egitaraua eta aurretik izena emateko dei egin dute antolatzaileek. Jardunaldia zabalduko du Joseba Madariagak, Laboral Kutxako Ikerketa saileko zuzendariak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomiari buruzko txostena aurkeztuko du; jarraian, mahai inguru bat egingo dute eskualdeko hainbat enpresekin eta hizpide izango dituzte, besteak beste, enpleguaren gaur egungo egoera eta etorkizuneko erronkak. Amaitzeko, networking edo saretze jarduera bat egingo dute, helburu izanik enpresen arteko harremana sustatzea, lankidetza aukerak sortzea eta enpresak elkarrengandik gertuago sentitzea.

Aimar Arzelus Tolosaldea Garatzeneko Enpresa saileko arduradunaren ustez «ez da batere erraza» hitzordu horietako bat nabarmentzea: «Guretzat guztiak dira garrantzitsuak eta interesgarriak. Jarduera bakoitzak interes bati erantzuten dio eta,  hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein iruditzen zaion erakargarriena».

Helburuak ardatz
Arzelusek azaldu duenez, hiru helburu nagusi ditu jardunaldiak: Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren bilakaera eta aurreikuspenak ezagutzea, eskualdeko enpresen esperientziak entzutea zein ezagutaraztea, eta horien arteko harremanak sustatzen saiatzea.

Hain zuzen, lehen helburua erdiesteko gonbidatu dute Joseba Madariaga. Urtero argitaratzen du EAEko ekonomiari buruzko txostena eta aurtengoari buruzko xehetasunak emango ditu aurkezpenean. Eskualdeko enpresek esperientziak partekatzeko, berriz, mahai ingurua egingo dute, eta bertan landuko dute nola egiten dieten aurre ia guztiek pairatzen dituzten arazoei, kasurako, enpleguaren eta talentuaren kudeaketari. Azkenik, enpresen elkarlana sustatzea xede, networking edo saretze ariketa egingo dute. Jarduera horren bitartez eskualdeko enpresen arteko elkarlana bultzatu nahi dute, horrela lortuko omen dutelako esperientziak partekatzen jarraitzea eta eskualdean enpresen sarea indartzea.

Egunerokotik ateratzeko
Tolosaldea Garatzeneko Enpresa saileko arduradunaren hitzetan «beti dira interesgarriak eta beharrezkoak» mota honetako egitasmoak: «Enpresak egunerokotasunetik ateratzeko balio du, eta, modu horretan, beste helburu batzuetan zentratu daiteke, zeinak, normalean, zeharkakoak baina ezinbestekoak izaten diren».

Dena dela, Arzelusek nabarmendu du jabetzen direla ez dela posible horrelako jardunaldiak askotan egitea, enpresak aurrera eramaten dituena «eguneroko lana» omen dela-eta. Antolatzeko garaian, gogoan izan dituzte interes ezberdin guztiak eta eskualdeko edozein enpresa gerturatzeko moduko egitaraua prestatu dute.

Begirada datorren asteko ostegunean jarrita, berriz, antolatzaileek dei egin dute aurretik izena emateko. Bi modutan egin daiteke: telefonoz, 943654501 zenbakira deituta; eta emailez, lehiberri@tolosaldea.eus helbidera idatzita. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!