Sanmartinak ospatzeko prest

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 8a, 13:08
Amasako Martina sorginaren jaitsiera.

Amasan festak ospatuko dituzte gaur hasita; Alkizan asteburua hartuko dute ekitaldiek, eta Amezketan, berriz, erretirodunen eguna eta azoka egingo dituzte.

Esaera zaharrak dio: «San Martin, negua atzetik edo aurretik, gehienetan bietatik». Domu santu egunarekin batera, San Martin izaten da udazkeneko hitzordu garrantzitsuenetakoa. Udako uzta berrira arte bizigaiak lortzeko errituekin dute zerikusia SanMartin egunaren bueltakoek.

Alkizan, adibidez, mantendu dute tradizioa eta aurten ostiraletik hasita igandera bitartean ekitaldiak egingo dituzte. 2008an txerri hiltzearen inguruko ohitura berritu zuten Alkizan eta orduko hartan Xabier Artola herritarrak egindako argazkiak ikusgai izango dira egunotan Zizurkilgo Plazida Otañoko liburutegiko erakusleihoan.

Bide batez, Amasako San Martin festen ingurukoak ere jasoko dituzte. Nahia Ruiz eta Saioa Zabalak 2018an eta 2022an ateratako argazkiak dira, eta bertan, nagusiki amasarren oilasko jokoa jasotzen da. Bihar berrituko dute tradizioa baserriz baserri eta oilasko biltzen aritu ondoren, elkarrekin bazkaldu eta arratsaldean egingo dute soka-dantza Amasako plazan.

Jai egitaraua, ordea, gaur abiatuko da Amasan. Martina sorgina jaitsi eta igandera arte era guztietako ekitaldiak izango dira, Martina kultur elkartean bildutako Amasako gazteek antolatuta.

Amezketan ere mantendu dute San Martin eguna ospatzeko ohitura eta izen bereko ermitaren bueltan egingo dituzte larunbatean ekitaldiak. Meza entzun ostean bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute goiza eta herriko erretirodunek bazkaria izango dute gero, Beartzana jatetxean.

 

SAN MARTINAK TOLOSALDEAN

AMASA

  • Azaroak 8, asteazkena

    17:30. Umeentzako ipuin kontalaria, Maite Frankoren eskutik.
    18:00. Herriko gazteen arteko frontenis finala.
    19:00. Txupinazoa eta Martina sorginaren jaitsiera.
    Ondoren. Buruhandiak.

  • Azaroak 9, osteguna

    06:00. Gazteen gosaria, Larrea okindegian, trikitilariek alaiturik.
    14:30. Gazteen bazkaria, Uxo-Tokin.
    17:00. Soka dantza eta aurreskua plazan.
    21:00. Gazteen afaria Iturri-goxo jatetxean.

  • Azaroak 10, ostirala

    17:00-19:00. Puzgarriak Amasako frontoian. Ondoren. Txokolate beroa.
    19:30. Amasako XXXI. Bakailu lehiaketa Iturrigoxon.
    23:30. Erromeria Muxutruk taldearen eskutik.

  • Azaroak 11, larunbata

    10:30. Meza santua.
    11:00. Ume krosa, 6. maila arteko umeentzat.
    12:30. Aizkora erakustaldia.
    14:00. Herri bazkaria.
    18:30. Kantaldia, Jaione Olazabal eta familiaren eskutik.
    23:30. Erromeria Laket taldearekin.

  • Azaroak 12, igandea

    18:00. Herri kirolak Amasako herriko gazteen artean.
    Ondoren. Martina Sorginari agurra.

ALKIZA
  • Azaroak 10, ostirala

    17:00. Haurrentzat eskuzko pilota tailerra.
    Ondoren. Txokolate jatea, guraso elkartearen eskutik.
    20:00. Tortilla patata lehiaketa, frontoian, guraso elkarteak antolatuta.
    22:30. Mus txapelketa.

  • Azaroak 11, larunbata

    09:30. Altxor bilketa plazan, herriko gazteen eskutik. 6 urtetik aurrera.
    10:00. Eskulanak plazan, herriko gazteen eskutik. 6 urtetik beherakoentzat.
    11:30. Tela eta slackline tailerra, Oreka Tolosak eskainita.
    18:00. Lau eta erdiko pilota finala frontoian.
    21:00. Afari herrikoia, Alkizako frontoian.

  • Azaroak 12, igandea

    12:00. Gaztelupe abesbatzaren emanaldia egingo dute, Alkizako elizan.
    17:00. Eskoba txapelketa.

AMEZKETA

  • Azaroak 10, ostirala

    20:00. Talo jatea frontoian.

  • Azaroak 11, larunbata

    Erretirodunen eguna
    11:30. Meza nagusia, San Martinen.
    14:00. Bertsolariek eta trikitilariek girotuta, bazkaria egingo dute Beartzana jatetxean.

  • Azaroak 12, igandea
    10:30. Azoka frontoian.

ZIZURKIL

  • Azaroaren 6tik 13ra

    Goiz eta arratsalde. Amasako eta Alkizako sanmartinen inguruko erakusketa Plazida Otaño liburutegiko erakusleihoan Naturaren erritmoen taupadan egitasmoaren barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!