Palestinarrei elkartasuna

Ataria 2023ko azaroaren 7a

Villabonako plazan egin duten elkarretaratzea.

Gazako sarraskia gelditu! lelopean Gernika-Palestina ekimenak herriz herri deitutako mobilizazioen barruan, elkarretaratzeak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan, hala nola, Alkizan, Anoetan, Amezketan, Asteasun, Ibarran, Ikaztegietan, Leaburu-Txaraman, Tolosan eta Villabonan —irudian—.

Palestinako egoera «gero eta larriagoa» izanik, eta urriaren 21eko Donostiako manifestazioak izandako erantzunaren ondotik, deialdi herritarrari heldu behar zaiola uste du Gernika-Palestina kolektiboak, eta horregatik gaur Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzeko deia egina zuen.

Gaur hilabete, urriaren 7az geroztik, Israelek 10.000 pertsonatik gora hil ditu Gazan, horietatik 4.000 inguru adin txikikoak. «Berehalako su-etena, eraso guztien amaiera, zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea, laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea eta Gazako zerrendaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin amaitzea» exijitu dute egin dituzten elkarretaratzeetan.

Era berean, palestinarrek eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu eta konponbide «baketsu eta negoziatua bilatzeko» deia egin dute, «nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearaztean oinarritutako konponbidea», hain zuzen ere. Hori lortzeko elkarrizketa prozesua hastea ezinbestekoa dela uste dute gaurko mobilizazioen deitzaileek.

Alkizako elkarretaratzea

Tolosako elkarretaratzea

Alegiako elkarretaratzea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!