Osasun sistema berraztertzeko deia egingo dute Donostian

Ataria 2023ko azaroaren 8a

Maiatzean Tolosan egindako osasun publikoaren aldeko manifestazioa.

Osasun Publikoaren Alde koordinakundeak larunbaterako mobilizazio deia egin du EAEko hiriburuetan; Donostiako manifestazioa 17:00etan aterako da Bulebarretik.

OPA Osasun Publikoaren Aldeko koordinakundeak osasun sistema publikoaren aldeko manifestazioa deitu du larunbaterako, Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Donostiako manifestazioa 17:00etan aterako da Bulebarretik. Javi Arana Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako eta OPAko kidea da eta  esan du aspalditik desegiten ari direla Osakidetza eta beharrezkoa dela kalera ateratzea, «izan ere, dirua ateratzeko dauden aukera guztiak pribatizatuta daude: garbiketa zerbitzuak, jangelak, anbulantziak, dialisiak eta laborategiak. Kontua da ez dela nabarmena izan, poliki-poliki egindako zerbait baizik. Urte asko daramatzate ahalik eta modu isilenean hemendik eta handik pribatizatzen, eta horrela jarraitzeko asmoa dute». 

Aranak gogoratu du apirilean ere herritarrak kalera atera zirela  eta Osakidetzako arduradunek gertatzen zena zuzenduko zutela esan bazuten ere, dena berdin dagoela, «ez dute ezer egin nahi jendearen arazoak konpontzeko». Larunbateko deialdiarekin hainbat eskaera egingo dituztela esan du Aranak, tartean aurrez aurreko arreta egotea «ez teleterapia» eta horretarako egungo eredua aztertu behar dela esan du. «Ezinbestekoa da, adibidez, lehen arreta indartzea. Izan ere, gero eta arrakala handiagoa dago lehen arretaren eta espezializazioen artean, zentzu guztietan. Horrez gain, argi dago itxaron zerrenden arazoa ez dutela konpondu pazienteak publikotik pribatura bideratuta».

Era berean, mugimendu feministak aldarrikatzen duten zaintza sistema publiko, duin eta kalitatezkoarekin bat egiten dutela gehitu du mediku ohiak eta horretarako osasungintzako profesionalekin batera herritarren ekarpenak kontuan hartu behar direla esan du. 
Bukatzeko esan du badirela hamabi urte Tolosaldean ospitale publiko baten beharraz hitz egiten dela, eta ez dela ezer egin. «Normalean, garai batean, eskualde batean osasunari lotutako behar handi bat zegoenean, ospitale bat eraikitzen zen bertan. Baina Tolosaldean ez da hala izan: herritarren beharrei erantzuteko Asuncion Klinika publifikatu ordez, pribatuan dirua sartzen jarraitu zuten. Gure kasua izan zen Osakidetza pribatizatzeko lehenbiziko saiakera». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!