Altuna III VS P. Etxeberria _ Lau eta Erdiko Finala 2023

Zortzigarren aldiz jarraian finalera

Ataria 2023ko aza. 5a, 19:58

Altuna III.a, Jakaren aurkako finalerdia irabazi duela ospatzen. EITB.EUS

Emozio handiko partida jokatu dute Altuna III.ak eta Jakak Astelena pilotalekuan, eta azkenean amezketarrak eraman du partida tanto bakar batengatik. Altuna berriro ere Lau eta Erdiko Txapelketaren finalean dago, zortzigarrenez segidan.

Bi aste oso gogor pasa ditu Altuna III.ak, ezker sorbaldan izandako lesio batengatik ez du jokatu eta behar bezala entrenatu. Hala ere, barruan duen ahalmen guztia atera du aurka jarritako partida irabazteko. Jaka aurretik izan da 21-18, baina azkenean ez du baliatu bere aukera, eta partidaren bukaeran azaldu duenez, "une honetan oso haserre nago, partida nik galdu dudala iruditzen zait".

Azkenekoaz gain, partidak buelta gehiago izan ditu. Lizartzarra 7-3 aurreratu da, eta ondoren Altuna zuzenean joan da 14. tantora; 8-15 ere jarri dira, bakoitzak tanto bana eginez, eta ondoren etorri da Jakaren nagusitasuna sake-errematean eta 20-15 jarri dira. Altuna aurkaria denean, 22ra iritsi behar duzu, horrelakoetan ez duelako oparirik egiten. Tentsio handiko azken tantoetan, Altunak lortu du partida bereganatzea eta azaroaren 19an Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du txapelketako finala. Erraz esaten da, baina zaila da egitea: jokatu dituen lehen mailako Lau eta Erdiko Txapelketa guztietan finalera iritsi da Altuna, eta aurtengoa zortzigarrena izango da jarraian. 

Hunkituta hitz egin du Altunak partidaren amaieran: "Partida oso zaila izan da. Frontoi hau lau eta erdian jokatzeko oso zaila da, gaur egun dagoen azkarrena da. Banekien errestatzea asko kostatuko zitzaidala eta are gehiago Erik aurrean izanda. Azkenean dena atera behar izan da, sekulako tentsioarekin". Jokatzeko zalantza asko izan dituela esan du amezketarrak, sorbaldako lesioarengatik. "Berriro eman diot paretari 21na egin dugunean, asok ari naiz sufritzen, et horrela iristen zarenean final batera ikaragarri pozik nago". 

Jakak, berriz, "haserre" eta "amorruz" hitz egin du: "Eskuan nuen partidak alde egin dit". Beroaldia pasatzen utzi beharko diola esan du lizartzarrak etsipenez. Hurrengo igandean, Zumarragako Beloki pilotalekuan, Jon Ander Peña tolosarraren aurka jokatuko du 3. eta 4. postuak erabakiko dituen partida.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!