Jexux Mari Mujikak ez du lortu finalera pasatzea

Imanol Garcia Landa 2023ko azaroaren 4a

Tolosan jokatu da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren kanporaketa eta finalean ariko diren sei aizkolariak Larrañaga, Alberdi, Otaño, Mugertza, Larrea eta Soroa izango dira.

Tolosako Alondegi plazan jokatu da kanporaketa, eta Jexux Mari Mujika ibartarrak bederatzigarren egin du. Horrela izan da sailkapena: Mikel Larrañaga (19.37), Julen Alberdi Txikia IV.a (20.02), Eneko Otaño (20.52), Ugaitz Mugertza (21.10), Julen Larrea (22.30), Ibai Soroa (22.37), Txomin Amundarain (23.01), Eloy Kortxero (23.13), Jexux Mari Mujika (24.17), Eneko Saralegi (26.02) eta Axier Pellejero (29.40).

Mujikak kanporaketaren ondoren azaldu duenez, katarroarekin aritu da lehian: «Erritmo falta nabaritu dut. Hauxe da aizkora, egun jakin batean egin behar izaten da, eta gaur ez zen nahi adinakoa». Beste posturen bat aurrerago egoteko ikusten zuen bere burua ibartarrak, «eguna izan balu», baina ez finalean sartzeko: «Oso zaila zen finalera sartzea. Hemen gazteak datoz gora, eta gure maila goitik behera doa. Baina gaurkoan nirea ez dudala egin ere esan beharra dago, katarroarekin eta ezin arrankatuta ibili naiz, erritmo faltarekin». Faboritoak zirenak sartu direla esan du Mujikak: «Harritu nauena Soroa izan da. Gehiago egingo zuela espero nuen». Aurrera begira, lehen mailako Gipuzkoako Binakako Txapelketa izango dutela esan du: «Larrañagarekin batera ariko naiz, eta txapelketa horretarako txinparta pixka bat behar da eta ikusiko dugu zer etortzen den. Orain, behintzat, atseden pixka bat hartu eta katarroa pasatzea tokatzen da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!