Hatz puntetatik zintzilik

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 2a, 20:00

Eskualdeko eskalatzaile gazteak maila ona ematen ari dira txapelketetan; horietako lau dira Elur Arteaga eta Haritz Urkiola tolosarrak, Udane Mujika elduaindarra eta Eñaut Uson ibartarra.

Kirol eskaladan harrobi indartsua dago Tolosaldean. Zailtasunezko Espainiako Kopa bukatu berri da eta bertan emaitza oso onak lortu dituzte eskualdeko gazte eskalatzaileek. Eñaut Usonek (Ibarra, 2010) 14 urte azpiko mailan lehen postua lortu zuen, Elur Arteaga (Tolosa, 2007) hirugarren izan zen 18 urtez azpikoetan, eta Udane Mujika (Elduain, 2009) seigarren izan zen eta Haritz Urkiolak (Tolosa, 2008) 15. postua lortu zuen 16 urte azpiko mailan.

Blokeko Espainiako Kopa ekainean jokatu zen, eta bertan Usonek garaipena lortu zuen, Intza Elizalde tolosarra bigarren izan zen eta Arteaga seigarren 18 urte azpikoan, eta Mujika zortzigarren bere mailan.

Vilanova i la Geltru (Katalunia) herrian egin zen zailtasunezko lehiaketaren azken proba urriaren erdialdean, eta Usonentzat urteko lehiaketa «onena» izan zen: «Oso ondo sentitu nintzen eta ondo atera zen dena». Arteaga ere «oso gustura» sentitu zen, «azkenean lortu nuelako ahal nuen guztia ematea». Bere aldetik, Mujika ez zen hain gustura geratu: «Ez nuen ondo eskalatu azken proba, oso urduri nengoelako. Finalean zortzigarren sartu nintzen eta postu horretan geratu nintzen». Urkiolarentzat lehenengo urtea izan da Espainiako Kopan: «Lehen aldia izateko nahiko ondo aritu nintzela uste dut. Saio bakoitzean nahiko urduri nengoen, eta gero eta hobeto sentitzen nintzen, baina halere badut zer hobetu».

Emaitzei errepasoa eginez, ekainean egindako Euskadiko Txapelketan, Mujika bigarren izan zen zailtasunezkoan eta lehenengoa blokean, Urkiola hirugarren zailtasunezkoan eta blokekoan laugarren, Usonek bi probak irabazi zituen, eta Arteaga lehena izan zen blokean eta hirugarren zailtasunezkoan. Bestalde, Erkidegoen Selekzioen Espainiako Txapelketan, sailkapen orokorrean lehenengo postuan geratu zen Uson infantil mailan eta Mujika bigarren izan zen kadete mailan.

BERRIRO LEHIATZERA

Asteburu honetan izango da zailtasunezko Espainiako Txapelketa, eta hurrengo asteburuan blokekoa. Mujikak bi txapelketetan parte hartzeko asmoa du: «Nire asmoa da urduri ez jartzea eta aurretik egindako akatsak ez errepikatzea, eta hortik etorriko dira emaitzak. Ea finaletan sartzen garen eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den». Urkiolak zailtasunezkoan parte hartuko du: «Nahiko nuke urduri ez jartzea, eta espero dut hamabigarren postu inguruan geratzea».

Bere aldetik, Uson bi modalitatetan ariko da: «Ez dut pentsatzen emaitzetan, ahal dudan guztia ematera joango naiz eta ondo ateratzen bada primeran, eta ez bada ateratzen izorratu egin beharko naiz». Arteaga, berriz, zailtasunezkora doa: «Espero dut urduritasunak kontrolatzen jakitea, lehiaketetan ez baititut ondo kontrolatzen. Beraz, nire helburua da horiek ondo kontrolatu eta ahal dudan guztia ematea».

Entrenatzeko hainbat lekutara joaten dira eskalatzaileak. Mujikak eta Urkiolak Esther Cruz dute entrenatzaile, eta Alegiako Egurre rokodromoan aritzen dira batez ere entrenatzen. Mujikaren entrenatzailea Jordi Pastoret da, eta Donostiara, Bilbora eta Deriora joan ohi da entrenamenduak egitera. Usonen entrenatzailea, berriz, Gianni Foggiana da eta Bilbon izaten da astean bitan. Beste egun batean Egurre rokodromoan aritzen da edo Donostiara joaten da. Asteburuetan, zailtasunezko modalitatea lantzeko, Madrilera edo Frantziara joan ohi da.

Eskalatzeak kontzentrazio handia eskatzen du eta, besteak beste, horrek barruan sortzen dien egoerak erakartzen die. Arteagak dioenez, «eskalatzen aritzen naizenean horretan bakarrik zentratzen naiz, gustura sentitzen naiz, eta horregatik jarraitzen dut». Uson bost urte zituela hasi zen eskalatzen. «Nire anaia eta aitarengatik hasi nintzen, eta jarraitu egiten dut motibatzen nauelako». Mujikak ere txikitatik du zaletasuna: «Asko disfrutatzen dut eskalatzen. Gauza asko elkartzen dira, adibidez adrenalina, eta poztu egiten nau eskalatzeak». Urkiola «beste mundu batean bezala» sartzen da: «Hor nagoen bitartean oso ondo sentitzen naiz».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!