Sei aizkolari azkarrenak sailkatuko dira finalerako

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 1a, 11:58

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren kanporaketa izango da larunbatean, Tolosan. Alondegi plazan izango da, 12:30ean hasita, eta bertan parte hartuko du Jexux Mari Mujika ibartarrak. 11 aizkolari ariko dira lehian eta lehenengo seiak pasako dira finalera.

Mujikarekin batera Mikel Larrañaga, Arkaitz Jauregi, Ugaitz Mugertza, Julen Alberdi Txikia IV.a, Eneko Otaño, Txomin Amundarain, Ibai Soroa eta Julen Larrea III.a ariko dira. Iñaki Azurmendi parte hartzekoa zen, baina azken orduan uko egin dio. Lesioak tarteko, Jon Irazu zizurkildarra eta Aitzol Atutxa ez dira kanporaketan izango. Bederatzi aizkolari horiei promozio mailako lehenengo bi aizkolariak gehituko zaizkie. Hain justu, gaur egingo da promozio mailako finala, 18:00etan, Itziarko Zabalsoro pilotalekuan, eta bertan parte hartuko dute Eneko Saralegi, Julen Kañamares, Eloy Corchero, Axier Pellejero eta Ioritz Gisasola aizkolariek. Gaurko zein larunbateko saioan lan bera egingo dute: bi kanaerdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko.

Promozio mailako finaletik larunbateko kanporaketara pasatzeko aukera gehien Eneko Saralegik eta Eloy Corcherok dituztela esan du Mujikak. Bestalde, larunbateko saioari begira, aizkolari ibartarrak zaila ikusten du lehen sei postuetan sailkatzea: «Maila handia dago. Aldeak izango dira, batzuk adinez pixka bat aurreratuta gaudelako, eta beste batzuk sekulako sasoian daudelako. Ahal duguna egingo dugu, eta ea egun on bat dugu eta norbaiti gerra pixka bat emateko modurik dudan. Ez dut esango ezinezkoa dela sartzea, baina logikaz ez naizela sartuko esan behar dut».

Txikia IV.a, Larrañaga, Otaño, Mugertza eta Soroa barruan ikusten ditu Mujikak. «Maila handia ematen ari dira aspaldi honetan, horiek dagoeneko bost dira. Seigarrenerako Txomin Amundarain hautagaia da, aste honetan Urrezko Aizkolarietan maila ona eman duelako. Gazteak indartsu datoz». Hala ere, saiatuko dela esan du aizkolari ibartarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!