Tolosako mugak ezagutzeko bosgarren ibilbidea egingo dute, igandean

Ataria 2023ko azaroaren 1a

Alpino Uzturre Mendi Elkarteak antolatuta, mendi martxa egingo dute igande honetan, azaroak 5, Tolosak Ibarrarekin, Berastegirekin, Villabonarekin eta Irurarekin dituen mugak zeharkatuz.

Irteera 8:00etan izango da Tolosako San Frantzisko eliza atarian. Gero, Ibarrako Euskal Herria kalean gora eginda, Izaskun auzora iritsiko dira. Ondoren, mugarriak ikusiz, Uzturre mendira eta handik Belabietara iritsiko dira. Jarraian, itzulerako bidea hasiko dute Villabona eta Irurako mugetatik pasatuz. Bukatzeko, Tolosako Santa Luzia auzora jaitsiko dira. Ibilbidearen luzera 18 kilometrokoa da, 895 metroko desnibel positiboarekin. Antolatzaileek ibilaldia 5 ordu eta erdian egitea aurreikusten dute.

Informazio gehiago izateko edota izena emateko hiru aukera daude: alpinouzturre.eus webgunean, info@alpinouzturre.eus helbide elektronikora mezua idatzita edo 943 652 789 telefono zenbakira deituz.

Hemen etaparen bideoa:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!