Erasun eta Zabala, Lau eta Erdiko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 1a, 20:00

Itxaso Erasun zizurkildarrak eta Irati Zabala lizartzarrak Lau eta Erdiko Banakako Master Laboral Kutxa 2023 Txapelketa jokatuko dute; larunbat honetan hasiko da, Okondon, eta bertan, Erasunek Beitiaren aurka jokatuko du.

Guztira, 60 emakumek parte hartuko dute Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Txapelketan, bost mailatan banatuta: pilota goxuan gazteak eta seniorrak, eta pilota mistoarekin gazteak, promesak eta eliteak. Pilota mistoko elite mailako kaiolako txapelketak zazpi egoitza izango ditu eta Okondon emango zaio hasiera. Finalerdiak Abadiñon jokatuko dira abenduaren 6ean eta final nagusia, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatuko da, abenduaren 17an. Bi jaialdi hauek ETB-1ek emango ditu zuzenean.

Ohi bezala, Amaia Aldai egungo txapelduna eta Olatz Arrizabalaga, bere palmaresa osatzeko falta zaion txapelaren bila arituko den gernikarra, izango dira faborito nagusiak, baina aurten bi bizkaitarrei aurre egiteko moduan diren pilotari sorta eder bat ariko da bi lagun minen arteko final hori saihestu nahian, tartean, eskualdeko bi: Itxaso Erasun zizurkildarra eta Irati Zabala lizartzarra.

Okondon hasiko da Eskuz Banakako Lau eta Erdiko Txapelketa, urteko zitarik garrantzitsuena. Txapelketa iazko rankingaren arabera osatu da eta iazko emaitzei erreparatua, Aldai, Arrizabalaga, Gaminde eta Arrillaga izango dira final laurdenetan sartuko diren zerrendaburuak. Eskualdeko bi pilotariek aurre-kanporaketako partida jokatu beharko dute. Erasunek igande honetan jokatuko du, Okondon, Beitiaren aurka. 19:30ean hasiko da partida, eta garaileak Garai izango du aurkari azaroaren 17ko final zortzirenetan. Zabalak, berriz, azaroaren 12an jokatuko du, Gordexolan, Bergararen aurka. Partida 12:45ean izango da, eta irabazten duenak Capellanen aurka jokatuko du final zortzirenetako partida, azaroaren 17an.

Hemen txapelketaren koadroa:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!