Gau beltzarenaren atarian

Ataria 2023ko urr. 31a, 07:57

Tolosaldeko herrietan gau beltzaren inguruko errituak berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean ari dira; Plazida Otaño liburutegian jardunaldi batzuk antolatu dituzte gaiaren inguruan.

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan erritu ezberdinak egin izan dira Euskal Herrian. Uzta bilketa, urtearen akabera, hildako senideen oroimena... barrura begira jartzeko urte sasoia izaten da, eta aldi berean, elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada ematen duena.

Erritual ugari mantendu dituen eskualdea da Tolosaldea, baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza galtzeraino. Horrekin jabetuta daude Aiztondoko Plazida Otaño liburutegian, eta ez bakarrik gau beltzaren ingurukoak, beste hainbat solstiziorekin zerikusia duten ekimenak antolatu nahi dituzte hemendik aurrera. Arantxa Zabala liburuzainak azaldu duenez tradizio horiek eman nahi dituzte ezagutzera Naturen taupaden erritmoan izeneko egitasmoarekin: "Gurean badira erritu eta ohitura asko ezagunak ez direnak, eta hemendik aurrera, data horiek gerturatu ahala, txoko bat egingo diegu liburutegian".

Gau beltzaren ingurukoak ospatzen urriaren 21ean hasi ziren, Edurne Mitxeok ipuin kontaketa eskaini baitzuen liburutegian bertan. Gaur egingo dute bigarrena eta heriotza euskal kulturan eta beste kultura batzuetan nola bizi izan den aztertuko dute hainbat herritarrek. 18:00etan hasiko da mahai-ingurua eta jatorriz Euskal Herriko, Txinako, Magrebeko, Bielorrusiako edota Kolonbiako herritarrek emango dituzte azalpenak. "Gure asmoa heriotzaren inguruko erritu horiek hemen eta beste herrialdetan nola ospatu diren elkarri kontatzea da. Lehenengo zati batean erritu horiek garai batean nolakoak ziren azalduko dute parte hartzaileek eta bigarren zati batean berriz, erritu horiek nola aldatu diren", esan du Zabalak.

Heriotzaren inguruan hausnartzen jarraituko dute Naturen taupaden erritmoan jardunaldien barruan datorren azaroaren 7an. Gaztelaniazko ohiko tertulia literarioan heriotzaren gaia landuko dute eta horretarako La acabadora izeneko liburua aztertuko dute. "Michela Murgiaren liburu bat da, oso gazte hil zen, eta liburu honetan Sardiniako ohitura zahar bat biltzen du. Kontatzen duenez, hilzorian zeuden pertsonak bisitatu eta heriotzarako bidean laguntzen zieten pertsonak ziren 'acabadora' delako horiek". Monica Leivaren gidaritzapean liburu horren inguruan arituko dira tertulia kideak.

Aurrera begira, naturaren taupada horiei segika, beste urte sasoi batzuk ere landuko dituzte Plazida Otaño liburutegian. Azaroaren 6tik 13ra San Martinak hartuko dituzte hizpide. Irene Urruzola liburuzainak azaldu duenez Aiztondo bailaran jai horiek nola ospatzen ziren azaldu nahi dute erakusketa baten bitartez: "Amasan egiten duten oilasko biltzea edo Alkizan txerriaren hilketaren inguruko ohiturak argazkitan emango ditugu liburutegiko erakusleihoan. Xabier Artola Zubillagak utzi dizkigu Alkizako argazkiak eta Amasako oilasko biltzearen inguruko beste hainbat ere bildu ditugu, urte ezberdinetakoak. Festa hauek zergatik ospatzen diren esplikatzeko azalpen labur bana jarriko dugu argazkien ondoan".

Zizurkilgo liburuzainek ohitura horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean hasiak dira eta herriz herri ere badabil jendea udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen. Kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, beldurra eragin... Mota askotako festak egingo dituzte gaur iluntzean Tolosaldean. Hona hemen zerrenda:

ADUNA
  • Goizean. Ekintza beldurgarria.
  • 15:00. Ikaragarrizko desfilea eta argazki saioa elizan.
  • 15:30. Dantza frontoian.
  • 16:00. Gaztaina jatea.
  • 18:15. 'Ilunpeko ipuinak' ipuin kontaketa (2-6 urte), liburutegian.
  • 18:15. 'Aita, zonbia naiz' film emanaldia (7 urtetik gorakoentzat), kultur aretoan.
ALBIZTUR
  • 16:30. Merienda eta txokolate beroa.
  • Ondoren. Tailerrak, musika eta dantza.
  • 19:00. Ipuin kontalaria. Amaitzeko. Beldurrak erreko dituzte.
AMASA-VILLABONA
  • 19:30. Beldurrezko kalejira, Gaztelekutik abiatuta.
  • Ondoren. Neguari ongi etorria herriko plazan. Suzko akerrak eta gaztaina jatea.
ANOETA
  • 18:30. Plazako estalpean festaren hasiera.
  • 19:00. Ipuin kontaketa eta abestiak.
  • Ondoren. Beldurrak idatzi eta sutara bota.
  • Amaitzeko. Gaztaina jatea.
ASTEASU
  • 17:30. Aurpegiak margotu, beldurrak idatzi, karetak margotu.
  • 18:30. Goxoki bilketa.
  • 19:30. Kalejira ilunpetan.
  • 20:00. Pintxoak eta dantza.
BALIARRAIN
  • 18:00. Gau beltza
BERROBI
  • 18:30. Berrobiko Ekintza guraso elkarteak antolatuta, ipuin kontalaria, kalabaza bilketa eta gaztan jana, eskolako patio txikian.
IRURA
  • 18:00. Gaztaina jatea eta beldurrezko photocall-aren irekiera portikoan.
  • 19:00. Beldurrezko ibilbidea Errekaldetik abiatuta. Aurten, sorpresa berriekin. (HHko eta LH1, talde txikietan, ERrekaldetik abiatuta, umeak gurasoen laguntzarekin;  umeak - 18:45ean: LH1-LH2-LH3 - 19:00etan: LH2, LH3, LH4 eta LH5 talde txikietan, Herri eskolatik abiatuta, umeak gurasoen laguntzarik gabe. | Jende-kopuruaren arabera, ordutegian aldaketak egon daitezke.).
  • 20:00. Arimen dantza, plazan. Zezen suzkoa.
LARRAUL
  • 17:00. Txokolate edatea elkartean.
  • 17:30. Aurpegiak margotu eta mozorrotu.
  • 18:30. Gau Beltzeko Ginkana. 
LIZARTZA
  • 17:15. Umeentzat beldurrezko ipuin kontaketa.
  • 18:30. Beldurrezko ibilaldia.
  • 19:30. Veraren Txokoa Zimiterioan.
  • 20:30. Afaria eta gaztaina jatea.
  • Ondoren. Zezen suzkoa.
  • 22:30. Gazteentzat beldurrezko pelikula.
ORENDAIN
  • 18.30. Plazan elkartuko dira mozorrotuta.
  • 19.00. Ipuin kontaketa udaletxeko ganbaran eta ondoren beldurrak erretzea plazan.
  • 20.30. Talo jana elkartean.
TOLOSA
  • 18:00. 3 Tabernan piñata, jolasak eta goxokiak.
  • 20:00. Galtzaundi euskara taldeak beldurrezko ibilbidea antolatu du Tolosako Elosegi parkean. 13 urtetik gorako nerabeei zuzendua dago, eta aurrez izena eman beharko da.
ZIZURKIL
  • 18:00. Naturaren Taupaden Erritmoan. Heriotza euskal kultura eta beste kultura batzuetan. Euskal Herria (Feli Aizpurua), Txina (Xiaofei Li), Magreb (Nabila Boujemaa), Bielorrusia (Veranika Danskova), Kolonbia (Dario Arteta), Nigeria (Sofia Omokaro), Mexiko (Mariel).
  • 19:00. Kalabaza, kriseilu, kandelak musikaz girotuta Joxe Arregi plazan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!