Eskualdeko hiru gaztandegi saritu dituzte Munduko Gazta Txapelketan

Ataria 2023ko urr. 30a, 19:59

Berastegiko azokaren barruan eginiko gazta txapelketa.

Berastegiko Gazpiok urrezko domina lortu du, Asteasuko Goinek bi zilarrezko eta brontzezko bat eta Orexako Oihan Txikik brontzezko bat.

World Cheese Awards-en 35. edizioa egin dute asteburuan Norvegian. Munduan egiten den gazta txapelketa entzutetsuena da, eta aurtengoan 43 lurraldetako 4.502 gazta aurkeztu zituzten. Bada, Tolosaldeko hainbat gaztandegi izan dira sarituak.

Hain justu urrezko domina bat, eta zilarrezko eta brontzezko bina domina lortu dituzte. Berastegiko Gazpio gaztandegiak lortu du urrezko domina, Asteasuko Goinek bi zilarrezko eta brontzezko bat eskuratu ditu, eta Orexako Oihan Txikik brontzezko bat. Hiru gaztandegiek txapelketaren aurreko edizioetan ere eskuratu izan dituzte dominak. 

Txapelketako irabazlea Norvegiako Gangstad Gardsysteri gaztandegiko Nidelven Bla gazta izan da. Tamaina handiko gazta urdina da -piezek 2 kg inguru pisatzen dute-, behi-esne pasteurizatuarekin eta lizun urdinarekin egina, zapore indartsua du eta  gaztandegiak Portoko ardoarekin piku-marmeladarekin jatea gomendatzen du.

Aurtengo sariketan Idiazabal Jatorri Izendapeneko gaztandegiek urrezko lau domina, zilarrezko bederatzi eta brontzezko hamar lortu dituzte. Idiazabal Jatorri Deituraren arabera, albiste ona da: «produktuaren kalitate handia egiaztatu eta nazioartean gure gazten izen ona eta prestigioa zabaltzen lagunduko du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!