Arrakastaz jositako egitasmoak azaroan izango du jarraipena

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 27a, 12:00

‘Josi eta Josi Tolosaldean’ proiektuko lehen edizioko parte hartzaileek ikasturte amaieran egindako lanak aurkeztu dituzte; 13 emakumek lehen mailako titulua jasoko dute.

Tolosaldea Lab Tolosaldeko Enplegagarritasun eta Inklusio Mahaia osatzen duten sei erakundek elkarlanean, Josi eta Josi Tolosaldean proiektua sortu zuten iaz. Urtarrilean aurkeztu zuten egitasmoa, eta lehen urtean, enplegu ikuspegitik zaurgarritasun edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboen laneratzea izan da erronka nagusiena.

Hasteko, Zutani elkarteak, inolako formazio arauturik gabe joskintzan aritzen direnei ziurtagiri profesionala eskaintzeko beharra identifikatu zuen. Ondoren, Tolosaldea Garatzen garapen agentziak hartu zuen ideiari forma emateko eta koordinatzeko ardura, Enplegu eta Aniztasun Saileko teknikarien eskutik. Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ElkarEkin lanean programak finantzatu du proiektua, eta horri esker, besteak beste, ikastaroa eskaini ahal izateko beraien instalazioak homologatu ditu Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastetxeak, eskualdean dagoen azpiegitura faltagatik. Partaideen bilaketan ere bidelagun izan dira Emplea Fundazioa eta Jatorkin Al-Nahda elkartea.

Programa berritzaile honek kolektibo zaurgarrien enplegua eta enplegagarritasuna hobetzea du helburu. «Nagusiki emakumeak eta etorkinak dira, beraien kulturagatik jostura menderatzen dutenak, baina orain arte lan profesionala aurkitzeko aukera oso txikia izan dutenak», azaldu dute antolatzaileek. Aipatutako erakundeek, laneratzeko arazoekin daudenen zailtasunak identifikatu eta horiek konpontzeko irtenbideetan lan egin dute urtarriletik hona. «Formakuntza hau eskualdeko ehungintza sustatzeko eta indartzeko baliabide garrantzitsu bat da».

Laneratzeko zailtasun handia eta bazterkeria egoeran egoteko arriskua duten kolektiboetako kideek joskintza gaietan prestatzeko prestutasuna adierazi zuten. «Tolosaldean baditugu joskintza oso era informalean irakasten duten taldeak, eta profesionaltasuna behar zutela jakinik, ziurtagiri profesional baten prestakuntza hartzea oso interesgarria iruditzen zitzaien emakume hauei. Askotan, etxeko lanak eta zaintza lanak egin behar izaten dituzte, eta beraz, ez dute prestutasun handirik izaten ordu askoko ikastaroak egiteko. Ondorioz, ordu gutxiko ikastaroak (egunean hiru ordu) izan dira, lanekin batera aurrera eraman ahal izateko».

Formazio saioetan, joskintzari buruzko teknikak jorratzeaz gain, Emplea Fundazioko kideekin, zeharkako gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena landu dituzte erabiltzaileek, enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin. «Lidergoa, talde lana, komunikazioa eta aktibazioa ere landu dugu, beraien gaitasunetan konfiantza lortzea ezinbestekoa baita. Lanketa desberdinen bitartez, enplegu aukerak badituztela eta enplegua bilatzeko gai direla ohartu dira. Gainera, bakarkako orientazioa eta laneratzeko laguntza ere eskaini zaie».

Herriko dendatarako lanak

Hamazazpi lagunek hasi zuten ikastaroa aurten, eta azkenean, hamahiruk amaitu dute. «Ehungintza sektorean lan egiteko prestutasuna duten pertsonak zeudela eta, laneratzeko langabeentzako joskintzako gaitasun ziurtagiria lortzeko aukera eskaintzen aritu gara aurten Tolosan, eta berdin egingo dugu 2024an». Azaroan hasiko da Josi eta Josi Tolosaldea egitasmoaren bigarren edizioa, beste talde batekin «une honetan bilketa lanetan ari gara eta dagoeneko interesatu ugari ditugu».

Bada, atzo, ikasturteari amaiera emateko, ekitaldi bat egin zuten Tolosako kultur etxean. Bertan, Tolosa&Co merkataritza elkarteak aurrez eskatutako lanak aurkeztu zituzten ikasleek, hain justu, herriko dendetarako diseinatutako eta jositako objektuak, tokiko merkataritzaren batasuna eta indarra irudikatzen duten elementuak. Hiru taldetan banatuta, hiru dendatarako proposamen bana egiteko. Lehen taldeak Inauterietako txilaba egin zuen, kolore indartsu eta bordatuekin: Zorionekoa. Bigarren taldeak, denda bateko erakusleihoa diseinatu zuen, jostun baten batarekin: Joskintzaren ataria. Eta hirugarren taldeak, denda baten erreplikazio-koadroa egin zuen, naturako elementuekin eta kolore argiekin: Maitasun zatiak. Orain, talde bakoitzak dagokion dendari oparituko dio diseinua.

Ehungintzako sektorean profesionaltasun titulu desberdinak dauden arren, kasu honetan, jantziak eta artikuluak konpontzeko eta egokitzeko lehen mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortuko dute parte hartzaileek. Ziurtagiria lortzeko, datozen hilabeteetan, ehun eta larruzko arropa eta artikuluak konpondu, moldatu eta pertsonalizatzen dituzten jantzigintza eta moda sektoreko eskualdeko enpresa ertain eta txikietan praktikak egin beharko dituzte parte hartzaileek. «Lanean aritzeak enpresekiko harremana ahalbidetuko du», nabarmendu dute. Lanbideren bitartez homologatu da ziurtagiria eta eskualdean gelditzeko dator.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!