Tolosatik Abu Dhabiko Munduko Txapelketara

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 26a, 19:59

Joseba Regillaga, Joseba Etxarri, Unai Regillaga eta Unai Saralegi judokak.

Judo Klub Tolosako bi bikote lehian ariko dira larunbat honetan Nage No Kata modalitateko munduko onenekin.

Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketa izango da jokoan larunbat honetan Abu Dhabin. Judo Klub Tolosako bi bikote ariko dira lehian bertan: Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra senior mailan, eta Joseba Regillaga amezketarra eta Joseba Etxarri tolosarra junior mailan. «Lorpen handia da klubarentzat», diote. Bi bikoteen helburua finalera sartzea da. Larunbat goizean izango dira sailkapenak eta arratsaldean finalak.

Finalera sei bikote sailkatzen dira, eta sailkapenean bikote kopuruaren arabera bi multzo egiten dira, eta bakoitzetik lehen hirurak pasatzen dira finalera. Saralegi eta Regillaga seniorrentzat hirugarren aldia izango da Munduko Txapelketa batean. Aurtengo Europako Txapelketan bigarren egin zuten, eta iazko Munduko Txapelketan zortzigarren izan ziren. «Iaz finalera pasatzetik bi puntura geratu ginen. Aurkari oso onak daude, eta esango nuke hamar faboritoen artean gaudela, baina finalean sei bakarrik sartzen dira. Ikusi beharko dugu zer multzo tokatzen zaigun, baina saiatuko gara finalean sartzen, hori da gure helburua», zehaztu du Saralegik. Unai Regillagak gaineratu duenez, «entrenatzen ondo aritu gara, eta udan, adibidez, munduko txapeldunak izan ditugu Tolosan eta beraiekin entrenatu dugu. Behintzat saiakera egingo dugu finalean sartzeko».

Regillaga eta Etxarri juniorrentzat lehenengo Munduko Txapelketa izango da. Aurten Europako txapeldunak izan dira. «Europako Txapelketa irabaztea ez genuen espero. Lana eginda joan ginen eta probatzera; oso ondo atera zen, eta Munduko Txapelketara ere probatzera joango gara», esan du Joseba Regillagak. Lehenengo helburua finalera iristea dela esan du Etxarrik: «Lehenengo postua lortzen badugu asko poztuko gara, baina uste dut asko eskatzea dela lehenengo aldia izanik». Senior mailako bikotea ondoan izateak segurtasun handia ematen diela gaineratu du: «Konfiantza ematen digute, urduritasuna kudeatzen lagundu... asko laguntzen digute».

Europakoarekin alderatuta, mundukoan aurkari on gehiago izango dituzte bi mailetan. Senior mailan, esaterako, kolonbiarrak dira munduko txapeldunak eta bertan izango dira, eta Japoniatik joango direnak beti kontuan hartu behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!