Tolosaldea IKT ez da lehiaketetan parte hartzen ari

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 25a, 19:58

Tolosako Usabal kiroldegiko igerilekua itxita, aurtengo martxoan.

Klubeko igerilariei ez diete federazioko fitxarik egin, ez dutelako beraien etorkizuna «seguru» ikusten.

Pasa den asteburuan igeriketako Gipuzkoako Liga hasi zen, baina Tolosaldea IKT kluba ez da bertan parte hartzen ari, Tolosako Usabal kiroldegia eta bertako igerilekua itxita egotearen ondorioz bizi duten egoeragatik. «Erabaki dugu zuhurtziaz jokatu eta federazioko fitxarik ez egitea gure igerilariei, gure etorkizuna ez dugulako inolaz seguru ikusten», azaldu du Joseba Zubeldia teknikariak. «Fitxa egingo bagenie, Tolosaldea IKTkoak izango lirateke denboraldi guztian zehar igerilariak, eta ez dakigu bi edo hiru aste barru zer pasako den, baina ekonomikoki klubarentzat kolapso egoera bat dator». Aste batzuk utzi nahi dituzte, ikusteko egoera nola bideratzen den, eta igerilariek beste klub batekin fitxa egiteko aukera zabalik izateko.

Une honetan absolutu mailako hiru igerilari dituzte, eta aurreko denboraldian 15 inguru zituzten. Horrek eragin du klubarentzat aurreko denboraldian lortutako Espainiako Kopako lehen mailan parte hartzeko lorpen historikoari uko egitea. Gaur egun junior, infantil eta alebin talde bana dituzte, eta eskola mailako azken bi urtekoak. «Aste honetan master mailako igerilari batzuekin eta eskola mailako beste bi urtekoekin hasi gara lanean», esan du Zubeldiak. Guztira 120 igerilari inguru daude, eta aurreko denboraldian 315 inguru zituzten.

«Aurreko urtean bost teknikari izan ginen lanean, eta beste teknikari bat izaten zen laguntza emateko une jakin batzuetan. Une honetan lau teknikari gaude, lau igerileku ezberdinetara joaten garelako aldi berean», esan du Zubeldiak. Egun Villabona, Beasain, Lazkao, Ordizia eta Andoaingo igerilekuetan ari dira erabiltzen eta Hernaniko igerilekua erabiltzeko hizketan ari dira. «Saiatzen gara lau teknikariekin ahal dugun igerilari gehienei zerbitzua ematen», zehaztu du Zubeldiak.

Aurrera begira beraien erronka zein den gaineratu du: «Baikorrak izatea Tolosako Udala egiten ari den pausoekin Usabal lehenbailehen irekitzeko, eta bitartean ahal dugun jende gehien izan gure inguruan, eta ahal dugun ondoen zaindu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!