Borrokan jarraitzen dute Asuncion klinikako langileek. Gaur 25. greba eguna izan dute eta goizean pikete informatiboak eta asanblada egin ondoren, Trianguloa plazatik abiatuta manifestazioa egin dute klinikaraino. Mobilizazioaren aurretik langileen ordezkariek salatu dute aste honetan zuzendaritzarekin bildu ondoren aurrera pausorik ez dutela eman negoziazioetan. Aitziber Sagredo ordezkariaren esanetan, langileen eskakizunetatik «oso urruti» dago Invizako zuzendaritzak egindako eskaintza.
Azken hiru hilabeteetan 3 eguneko lanuzteak eta 25 greba egun egin dituzte langileek euren hitzarmenaren alde borrokan. «Erosahalmena berreskuratu eta lan berbera egiten duten Osakidetzako langileen lan baldintzetara gerturatuko gaituen KPItik gorako soldata igoera eskatzen dugu, baina enpresak aste honetan egin digun eskaintzak galdutzat ematen ditu 2022 eta 2023 urteak. Mundu guztiak daki bizitza zenbat garestitu den eta ezin dugu horrelako proposamenik onartu», esan du Iurre Aramendi langile ordezkariak.
Sagredok gehitu du Osakidetza eta osasun arloko beste hainbat enpresa pribatutan baino lan ordu gehiago egiten dituztela Asuncionen eta eskatu du hitzarmenean urteko 1.592 orduko muga ezartzea. «Diru publikoz hornitzen den zerbitzu batean aritzen diren langile gero eta pobreagoak gara. Zerbitzu publiko duinak eta kalitatezkoak lan baldintza onak dituzten langileekin bakarrik eraiki ahal izango dira». Erregistroan jasota dauden datuak ere eman dituzte langileek eta esan dute Inviza enpresa taldeak azken lau urteetan 5,8 milioi euroko etekinak aitortu dituela.
Mobilizazioen jarraipena
Asuncion klinikak eskualdeko ospitale publiko funtzioa betetzen du eta bertako 62.500 biztanleri zerbitzua ematen die. Gipuzkoan dauden ESIetatik publikoa ez den ospitale bakarra da eta urte luzeetan herritarrek egindako eskakizunei esker, ospitale publiko baten proiektua gauzatzeko bidean da. LAB eta ELA sindikatuek uste dute, ordea, ospitale publikoaren proiektua ez dela eskatzen dena izango, langileen lan baldintzak lehenesten ez badira: «Gaur klinikan ari diren langile guztiak ospitale publiko horretan egongo direla bermatzea eskatzen dugu».
Ospitale berrirako plan funtzionala egina du Eusko Jaurlaritzak, baina sindikatuek esan dute euren aldarrikapenetatik urrun dagoela, «ez baitu bermatzen %100 publikoa izango denik». Salatu dute, aldi berean, planak ez duela Asuncioneko 328 langileekin zer gertatuko den azaltzen.
Langileek iragarri dute mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela euren eskakizunak aintzat hartu eta hitzarmen duina sinatzen den arte. Hurrengo hilerako mobilizazio egutegia prestatzen ari dira orain.