Nafar hegoaldeko uzta zabalduz, hamar urte

Ataria 2023ko urr. 25a, 16:07

Aurtengo kanpaina aurkezteko eginiko agerraldia.

Errigora ekimenak hamar urte egin ditu aurten; saski bakarra osatu dute, eta azaroaren 9ra arte eskatu ahalko da.

2013. urtean sortu zen Errigora ekimena, Nafarroa hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko eta zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko helburuarekin. Bada, ordutik, 130.000tik gora saski bete dituzte, eta, aldi berean, euskalgintzaren zakua ere bete dute —1.800.000 euro— saskiek emandako irabaziekin. Aurten ere abian du Errigorak udazkeneko kanpaina, eta hamargarren urteurrenagatik, era berezian egingo du. Hastapenekoari keinu eginez, 50 euroko saski bakarra osatu dute: «komunitate osoak kanpainarekin bat egiteko saskia: originala, biribila eta biderkatzailea. Inoiz baino gehiago banatzeko». Azaroaren 9ra bitarte egongo da saskiak eskatzeko aukera. Hiru ekoizleren bederatzi produktu ekologiko eta konbentzionalek osatuko dute saskia.

Eskualdean, saskiak online eskatu beharko dira, Errigora.eus webgunean. Nahi adina saski aukeratu ostean, norbere datuak sartu behar dira eta saskia jasotzeko gunea aukeratu. Gune bakoitzak saskiak jasotzera joateko bere data eta ordutegia izango du. Aurten, Tolosaldeko 21 herritan egongo da saskiak jasotzeko aukera, iaz baino bost herri gehiagotan: Abaltzisketa, Aduna, Alegia, Altzo, Amasa-Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Berastegi, Berrobi, Gaztelu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa eta Zizurkil.

Inoizko etxe gehienetara iritsi asmo du aurten Errigorak. Saski bakoitzaren 50 euroetatik %25, auzolan ariketari esker, Argia (Tutera)-Erentzun (Biana)-Ibaialde (Lodosa), Ager eremuko AEK, D ereduko lerroetara eta Agerraldiaren ekimenak finantzatzera bideratuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!