Bi podium lortu ditu Ioseba Mateosek Gironan

Ataria 2023ko urriaren 24a

Calella de Palafrugell herrian (Girona, Katalunia) egindako Radikal Swim igeriketa zeharkaldietan hirugarren postua lortu zuen bi alditan eta kategoria ezberdinetan.

Ioseba Mateos ibartarrak 7 eta 2 kilometroko probetan parte hartu zuen larunbatean. Lehenengo proban, 7 kilometrokoan, 09:00etan abiatu ziren igerilariak Port Bo hondartzatik Llafranc herrialderaino, Formigues irletatik igaroz. Mateosek hirugarren postua lortu zuen M30 kategorian (1.36.50) eta 21.ena izan zen mutilen sailkapen orokorrean. Jordi Roses izan zen kategori horretan lehendabizikoa (1.34.02) eta Miguel Caro Van der Poel bigarren (1.36.46).

Beste proban, 2 kilometrokoa, 12:30ean abitu ziren igerilariak, eta beste ibilbidearen irteera eta helmuga bera izan zituen, baina kostatik gertu igeri eginez. Mateosek hirugarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean 23.28 eginez eta lehen postua M30 kategorian. Irabazle orokorra Guillem Pujol izan zen (19.19) eta bigarren Adrian Sanchez (22.54).

Ioseba Mateos eta Asier Goenaga, sarituak

Berriki, Donostiako Kirol Etxean, 2o22/2023 denboraldiko Gipuzkoako Igeriketa Federazioaren Galan sarituak izan ziren Ordizia K.E. taldeko Ioseba Mateos ibartar eta Asier Goenaga tolosar igerilariak. Ur Irekien Gipuzkoako Ligaren sari banaketan gizonezkoen master mailan lehen postua elkarbanatu zuten bi igerilariek 399 punturekin. Hirugarren sailkatua Xabier Galarraga izan zen, 394 punturekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!