Boluntariotzarako gogoa pizteko azoka

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 18a, 15:00

Tolosako Zerkausian Inmakulada Lanbide Ikastolak boluntariotza azoka antolatu du gaur Tolosako Udalarekin elkarlanean. Eskualdeko ikastetxeetako ikasleak eta herritarrak pasa dira bertatik.

Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolaren ekimenez eta Tolosako Udalarekin elkarlanean, gazteen boluntariotza azoka egin dute gaur Zerkausian. 16 erakundek jarri dute postua eta 10:00etatik 13:30era Tolosaldeko ikastetxeetako ikasleak pasa  dira bertatik eragile hauen inguruko informazioa jasotzeko. Antolatzaileen esanetan 700 gazte inguruk hartu du parte.

Gazteen artean boluntariotza sustatzea da azoka honen helburua eta horretarako honako erakundeek proiektu ezberdinak ezagutarazteko postuak jarri dituzte gaur Zerkausian: Urrats bat, Dementzia bizitzen, Abegi, Garagune, Jatorkin, Adinkide, Itaka-Eskolapios, Gizalde, Atzegi, AECC, Gautena, Asebier, Fundacion Goyeneche, Tolosako Ekinbide Etxea, Zu eta ni, Aspace eta Dya. "Bisitatu itzazue postuak eta barruan kilima sentitzen baduzue eman ezazue izena", esan diete ikasleei azokaren antolatzaileek.

Boluntariotza azoka zabaltzeko ekitaldian lankidetzarako deia luzatu du Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak: "Administraziotik ez gara beti erantzun bat emateko gai izaten eta erakunde hauek hutsune horiek bete eta iristen ez garen tokietara iristen laguntzen dute". Alkateak nabarmendu du erakunde hauek egin behar dituzten lanak burutzeko adin guztietako boluntarioak behar dituztela eta horregatik animatu ditu gazteak izena ematera. "Elkar zaintzen duen gizarte bat sortu behar dugu, eta aldamenekoaren alde egiteko denok jarri behar dugu gure aldetik zerbait", esan du Martinez de Rituertok.

10:00etatik 11:15era lehen ikasle txanda pasa da eta ondoren herritar guztientzako zabaldu dute azoka. Ikasleen bigarren txandaren ondoren 13:30 aldera amaitu da Inmakulada ikastetxeak antolatzen duen boluntariotza azoka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!