Asuncion klinika

Asuncioneko langileek beste bi greba egun deitu dituzte

Ataria 2023ko urriaren 13a

Urriaren 18rako eta 25erako deitu dituzte greba egunak, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde.

Tolosako Inviza enpresako langileek denbora luzea daramate borrokan. Hiru eguneko lanuzteak eta 24 greba egun aurrera eraman eta gero, beste bi greba egun deitu dituzte LAB eta ELA sindikatuek. Urriaren 18erako eta 25erako egin dute deialdia.

«Tolosako Invizako langileok zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, beste eskualde batzuetan Osakidetzak eskaintzen duena, baina batzuen eta besteen lan baldintzak elkarrengandik oso urrun daude», esan dute langile ordezkariek. 2021etik berritu gabe dute hitzarmena eta urte hauetako KPIa kontutan hartuta, eros ahalmenaren %12,2a galdu dutela diote. «Hitzarmena berritzearekin, besteak beste, galdutako eros ahalmena berreskuratzea KPIari erreferentzia egingo dioten soldata igoerak izatea, eta 35 orduko lan astea egikaritzea dira lortu nahi ditugunak». 

LAB eta ELA sindikatuek greba egiteko deialdiaren berri emateko publiko egin dute oharrean aipatu dute klinika kudeatzen duen Inviza enpresa taldeak 5,8 milioi euroko etekinak izan dituela azken lau urteetan. Erregistroan dauden datuak aipatu dituzte kopurua emateko. «Emaitza horiek izan arren, enpresak orain arte ez du erakutsi negoziatzeko inolako borondaterik», esan dute langileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!