Italiar eta euskaldun gazteen arteko elkatrukea

Ataria 2023ko urriaren 11

Italiako, Oñatiko eta Ibarrako 45 gazte elkartruke programan ari dira parte hartzen, eta Oñatin eta Zarautzen izan ostean, bihar Ibarra bisitatuko dute.

Cultural Shake Erasmus+ proiektu europarrari hasiera eman zioten atzo, Zarauzko Igerain aterpetxean. Bertan, Italiako, Oñatiko eta Ibarrako 45 gazte eta hezitzaile elkartu dira kulturartekotasunaren inguruan jarduteko. Gipuzkoan gauzatzen ari diren gazte elkartrukea igandera arte luzatuko da, eta parte hartuko duten gazteek hamaika jardueraz eta esperientziaz gozatuko dute.

Gaurkoan, esaterako, Oñati aldean igaroko dute eguna. Goizean goiz Arantzazuko santutegia bisitatu dute, eguerdian Oñatiko Udalak harrera egin die, eta ondoren Oñatiko gaztelekua bisitatu dute. Arratsaldean Larraña errefuxiatuen etxea bisitatuko dute eta bertan dauden pertsonen bizipenak eta esperientziak ezagutzeko aukera izango dute. Ondoren, Zarautzera itzuliko dira eta egunak emandakoaren inguruan hausnartuko dute.

Bihar, Tolosaldean izango dira gazteak. Ibarrako Udalak harrera egingo die goizean, eta ondoren, hainbat tailerretan parte hartuko dute. Herriko elkarte eta taldeen laguntzarekin euskal kirol, dantza, gastronomia, eta abarretan murgiltzeko antolatu dituzte tailerrak. Ondoren, Gazte Zulo zerbitzuko gurasoek jatorri ezberdineko jakien dastaketa gastronomikoa eskainiko dute. Arratsaldean, berriz, Tolosako Topic txotxongiloen museoa bisitatuko dute eta Hi selfie jarduera burutuko dute kaleetan zehar.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!