A30 Greba Feminista Orokorra

Zaintza sistemaz gogoeta egiteko baliatuko dute greba orokorra

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 11a, 07:59

Azaroaren 30ean greba feminista orokorra deitu du mugimendu feministak; batzordeak sortuko dituzte greba antolatu eta zaintza sistema irauliko duen prozesuan sakontzeko.

Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde, mugimendu feministak greba feminista orokorra deitu du azaroaren 30erako eta eskualdeko auzo eta herrietako asanbladetan hasiak dira deialdia prestatzen. Gaur, mugimendu feministako kideek eta sindikatuetako ordezkariek Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan erregistratuko dute greba. Tolosaldeko mugimendu feministako kideek deialdia baliatu nahi dute jendartean zaintzaren inguruko eztabaida zabaltzeko. «Feministok denbora daramagu honen inguruan hausnartzen, baina gizartearentzat zer da zaindua izatea? Zer da beste norbait edo beste zerbait zaintzea?», galdetu du Susana Carreterok.

Neurri batean pandemiak jarri zuen mahai gainean egungo zaintza sistema iraultzeko premia eta norabide horretan azaroaren 30eko greba feminista orokorra «mugarri garrantzitsua» izango dela uste du Pauli Olanok: «Egoerari ez zaio egun batetik bestera buelta emango baina nahiko genuke jendeak tarte bat hartzea zaintzari buruz pentsatzeko. Gai hau ez dadila etxeko zokoan geratu». Izan ere, alde batetik zainduen egoera eta bestetik zaintzailearen lana «isilpean edo ikusezin» mantentzeko interesa ikusten dute feministek. «Lan horri ez zaio baliorik ematen. Sektore feminizatua da zaintzarena eta gainerako sektore feminizatuetan bezala, lan baldintzak oso prekarioak izaten dira», esan du Marian Delgadok.

Esparru zabala hartzen du zaintzarenak Amaia Urkolaren ustetan. «Adinekoak edo haurrak etortzen zaizkigu akordura, baina tartean geratzen den jende guzti hori zer? Zer esan buruko gaixotasunak edo behar bereziak dituztenez? Egungo sistema publikoa kolapsatuta dago eta zaintza premia horiei ez zaie behar bezala erantzuten. Esku hartu eta zaintza sistema iraultzen ez badugu, jendarteko pertsona zaurgarrienek pairatuko dute gehien». Tolosaldeko mugimendu feministan argi dute pribatizazioarekin eta zaintza lanen merkantilizazioarekin amaitu beharra dagoela. Zaintza sistema publiko baten alde hitz egin du, adibidez, Nekane Berriotxoak: «Gipuzkoan 64 adinekoen zentro daude eta bakarra da publikoa osoki. Besteek zerbitzu publikoa eskaini baino kudeaketa pribatua dute».

Joan den larunbatean Hernanin aurkeztu zuen Euskal Herriko mugimendu feministak hainbat eragile eta sindikaturekin ondu duen herri akordioa, non pertsona guztiek, bizi osoan, «askatasunez eta konpromisoz», zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egiten den. «Gure neurrira sortu behar dugu zaintza sistema, gure beharretara egokitu», aipatu du Amagoia Eskuderok. Epe luzeko helburu bezala, zaintza sistema publiko-komunitarioa eratzea aipatu dute, baina epe motzagoan beste urrats batzuk ere ezarri dituzte. 

Mozioak herriz herri

Tolosaldeko mugimendu feministako kideek, esate baterako, greba feminista orokorraren testuinguruan mozioak aurkeztuko dituzte eskualdeko udaletan. Herri bakoitzeko zaintza sistemaren diagnostiko erreal eta osatua egitea eskatuko dute eta urtebeteko epean egoerari erantzungo dion zaintza plan feminista eta integral bat sortu eta egikaritzeko eskatuko diote udaletako bakoitzari. «Azpeitian gisa horretako azterketa bat egina dute eta Usurbilen edota Hernanin eman dituzte zenbait urrats. Tolosaldean oraindik ez da mugimendurik sumatzen», esan du Berriotxoak.

Greba feminista orokorra erreminta bat izango dela gogoratu dute eskualdeko feministek. «Ez da izango prozesu honen hasiera ezta amaiera ere, bidean egingo dugun ekintzetako bat baizik», aipatu du Eskuderok. 2018ko eta 2019ko greba feministetako irakaspena jaso eta jauzi bat egingo dute orain. «Eta bai, galdezka aritu zaizkigunez argi esango dugu gizonak ere deituta daudela borrokara, greba orokorra den neurrian», esan du Urkolak. «Ardurak eta konpromisoak behar diren lekuetan eskatzeko denok egin beharko dugu indarra, denok gara aliatu eta denak beharrezko».

Sektore guztietako langileak daude deituta grebara baina feministak kontziente dira zaintza sektorean aritzen diren langileengana iristea zaila izango dela. «Oso baldintza prekarioetan aritzen dira eta greba eginez gero lanpostua gal dezakete». Horregatik greba egiteko molde berriak asmatzen ari dira mugimendu feministatik. «Zaintza erdigunean jarri nahi badugu, ezin ditugu pneumatikoak erre. Gauzak beste era batera egin daitezkeela uste dugu eta grebarekin hori erakutsiko dugu», esan du Carreterok.

Greba deialdia zaintza sistema iraultzeko bidean mugarri garrantzitsua izan dadin, herriz herri hasiak dira greba batzordeak sortzen eta horietan parte hartzeko deia luzatu dute Tolosaldeko mugimendu feministatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!