Irati Zabala, Hiru Hiriburuak Txapelketako finalean

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 9a, 15:00
Ezkerrean, Garai eta Zabala, eta eskuinean, Arrizabalaga eta Erasun, finalerdia hasi aurretik. HIRU HIRIBURUAK

Pilotari lizartzarrak Garairekin batera jokatuko du partida erabakigarria. Finalerdietan Itxaso Erasun zizurkildarrari eta Arrizabalagari irabazi diote.

Esku pilotaren kantxarik mitikoenean eta 850 lagunen aurrean jokatutako finalerdien ostean, Hiru Hiriburuak txapelketak ezagutzen ditu dagoeneko hurrengo igandean Bizkaia pilotalekuan jokatuko diren finaletan arituko diren pilotarien izenak. Donostiako Atano III.ak eta Bilboko pilotalekuak gorpuzten duten iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi horretan, Leire Garaik eta Irati Zabalak, Amaia Aldaik eta Arrate Bergararen aurka jokatuko dute eliteen finala, finalerdietan Arrizabalaga-Erasuni (22-17) eta Zabaleta-Mendizabali (22-11) gailenduta.

Giro ederrean jokatutako finalerdi bakoitzak protagonista nagusi bat izan dute, aurrelari irabazlea. Lehen finalerdian Leire Garaik bere aspaldiko partidarik onena jokatuko zuen, defentsan sendo eta erasoan eraginkor eta Olatz Arrizabalaga baino gehiago izan da aurreko koadroetan eta hori asko esatea da. Atzean Itxaso Erasun eta Irati Zabala maila onean aritu dira, agian Zabala zertxobait sendoago aritu da, baina aldea aurrean izan da eta Leire Garai bikain batek bere aldera hautsi du partida.

Antzeko zerbait esan genezake bigarren finalerdian non, Amaia Aldaik sekulako nagusitasuna erakutsi duen. Uda eskuetatik justu xamar amaitu bazuen ere, bere egunik onenetan bezala, Dimakoa urakan bat izan da kantxan, beste erritmo bat ezarri dio jokoari, pilota abiadura handian mugituz eta tanto asko, dozenatik gora, bikain amaituz. Gainera, atzean gero eta segurtasun gehiago hartzen ari den Arrate Bergararen laguntza bikaina izan du eta merezimendu osoz, 22-11 irabazi diete Zabaleta eta Mendizabali.

Finala igande honetan izango da, urriaren 15ean, Bizkaia frontoian. 12:00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partidan 3. eta 4. postuak erabakiko dira, Arrizabalaga-Erasun eta Zabaleta-Mendizabal artean. Ondoren finala jokatuko da, Aldai-Bergara eta Garai-Zabalaren artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!