Emakumeok Mugimenduan aplikazioa aurkeztuko dute eskualdean

Ataria 2023ko urr. 5a, 18:00

Urriaren 9an Amasa-Villabonan, urriaren 10ean Ibarran eta urriaren 11n Anoetan egingo du geldialdia aplikazioa aurkezteko Txita ibiltariak; emakumeek jarduera fisikoa egitea bultzatzea eta emakumeen sarea eratzea du helburu.

Emakumeok Mugimenduan egitasmoaren aplikazioa ezagutarazteko, Txita ibiltaria Gipuzkoako 21 udalerritan ibiliko da irailetik azarora. Tolosaldean ere izango da, hain justu, urriaren 9tik 11ra egingo ditu geldialdiak, Villabonan, Ibarran eta Anoetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak, Kirol Zuzendaritzaren bitartez, emakumea eta kirola programaren baitan, 2021ean jarri zuten abian Emakumeok Mugimenduan egitasmoa. Ekimenaren oinarrian dago EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek egindako azterketa; bertan, 18 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtu zituzten, eta emaitza esanguratsuak eskaini zituen azterketak: Gipuzkoako ia 4.000 emakumeri egindako galdeketaren arabera, 3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitu kirola (Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioaren azpitik). Gainera, inaktibotzat dute beren burua, eta hori sinesten dute.

Errealitate horren aurrean, Gipuzkoako emakumeak ahalduntzeko ekimena jarri zuen martxan aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuk: Emakumeok Mugimenduan. Emakume orok mugimenduarekin bat egitea du helburu egitasmoak, mugimendua adierarik zabalenean ulertuta, alegia, oinarritik eliteraino; eta aktibotasun hori bistaratzeko eta laguntzeko dinamikak, proiektuak eta ekimenak biltzen dituen programa garatu du.

Programa horren barruan, eguneroko jarraipena egiteko eta emakumeen aktibotasuna sustatzeko APP-a aurkeztu du aldundiak, Emakumeok Mugimenduan APPa. Hain zuzen, aplikazioa ezagutarazteko eta herritarrei hurbiltzeko helburuz, Txita ibiltaria Gipuzkoan barrena ibiliko da irailetik azarora, eta urriaren 9an, 10ean eta 11n Villabonan, Ibarran eta Anoetan egingo ditu geldialdiak, hurrenez hurren.

Bi dinamizatzailek lagunduta, Txita 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era artean izango da hiru herrietan, eta interesa duen orok izango du dinamizatzaileekin hitz egiteko eta aplikazioaren ingurukoak ezagutzeko aukera.

Zer eskaintzen du APPak?

Emakumeok Mugimenduan IOS zein Android sistema operatiboetan erabilgarria den doako aplikazioa da. Bi helburu nagusi ditu: batetik, Gipuzkoako emakumeei egunerokoan egiten duten jarduera fisikoa erregistratzeko aukera eskaintzea, horren bidez, haien ohituretan eragiteko eta haiek motibatzeko; eta bestetik, mugimenduarekin bat egiten duten emakumeen sarea eratzea, ikerketaren bidez detektatu ziren mugak (hala nola, bidelagun falta, denbora falta, estereotipoak edo beldurrak) gainditzen laguntzeko.

Helburu horiek lortzeko, hainbat baliabide eskaintzen ditu aplikazioak:

Batetik erregistroa: Jarduera fisikoa egiteko modu asko daude: oinez, korrika, dantzan, igerian, pedalei eraginez, eguneroko zereginetan, bakarka edo taldean, kiroldegietan, kalean ala naturan... Mugimendu oro da garrantzitsua, eta mugimendu orok batzen du. Horiek guztiak erregistratzeko aukera eskaintzen du aplikazioak, eskuz zein GPSa konektatuta, eta egindako ariketa mota, data eta ordua, ariketa egiten pasa den denbora eta nola sentitu diren zehazteko aukera dute bertan erabiltzaileek.

Horrela, oso erraza da jardueren jarraipena egitea, eta ezarritako helburuak, edozein direla ere, betetzeko egindako bidea ikustea eta balioan jartzea.

Bestetik, agenda: emakumezkoei eta kirolari lotuta lurraldean antolatzen diren jardueren agenda eguneratua jasotzen du aplikazioak, eta ekimen bakoitzera lotura zuzena eskaintzen du. Era horretan, antolatutako ekintzetan izena emateko aukera izango dute erabiltzaileek, eta antolatzen diren jardueren aniztasuna kontuan hartuta, kirol berriak probatzeko eta jende berria ezagutzeko baliabideak izango dituzte eskura.

Jardueren gomendioak ere ematen ditu: nork bere gogoko kirola aurkitutakoan, errazagoa da jardueraz disfrutatu eta jarraipena ematea. Horregatik, Gipuzkoan praktikatu daitezkeen dozenatik gora jardueren zerrenda eskaintzen du aplikazioak, eta bakoitzaren ezaugarriak, onurak, kostua eta beharrezko ekipamendua azaltzen ditu, besteak beste. Bakarka zein taldean egiteko kirolak dira, erabiltzaileei aukera ezberdinen berri emateko. 

Horretaz gain, emakumezkoen istorioak kontatzen ditu: mugimenduarekin bat egitera animatzeko eta egoera berean dauden emakumeen testigantzak ezagutzeko, Istorioak izeneko atala du aplikazioak. Adin, jaioterri, ohitura eta gustu ezberdinak dituzten emakumeen gogoetak jasotzen ditu, eta kirolarekin duten harremanaren eta ohituren bidez, Gipuzkoaren egungo errealitatearen argazkia eskaintzen du. Atal honen helburua da erabiltzaileei taldearen indarra sentiaraztea, eta aurrera jarraitzeko motibazioa ematea.

Aplikazioaz gain, jarduera fisikoari edo kirol praktikari buruzko laguntza eta orientazioa behar duten herritarrentzat KOZ - Kirol Orientabide Zerbitzua eskaintzen duten doako 33 zentro daude aktibo uneotan Gipuzkoako 21 udalerritan. KOZ mapa eta tokian tokiko gunearen inguruko informazioa ere emango dute dinamizatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!