Hiru aizkolari azkarrenak, finalera

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 4a, 11:07

Jexux Mari Mujika, txapelketa batean.

Euskal Herriko 3. Mailako Aizkolarien Txapelketaren kanporaketa izango da jokoan igandean, Zizurkilen. Bertan parte hartuko du Jexux Mari Mujika ibartarrak.

Euskal Herriko 3. Mailako Aizkora Txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko da igandean, Zizurkilgo Intxaur frontoian. Saioa 19:00etan hasiko da eta Jexux Mari Mujika ibartarraz gain, beste hamabost aizkolari ariko dira lehian: Urtzi Olasagasti, Xabat Olaizola, Miguel Martin, Hermenegildo Herrero, Mikel Larrañaga, Eloy Corchero, Ibai Soroa, Aitor Urteaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Asier Pellejero, Arkaitz Jauregi, Jon Rekondo, Julen Kañamares, Ioritz Gisasola eta Ugaitz Mugertza. Jon Irazu zizurkildarra parte hartzekoa zen, baina abuztuan belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen eta ebakuntza egin berri diotenez, ezingo du parte hartu.

Kanporaketako lehenengo hiru denbora onenak egiten dituztenak pasako dira finalera. Lehenengo kanporaketan txartela lortu zutenak Eneko Otaño, Aitzol Atutxa eta Eneko Saralegi izan ziren. 54 ontzako lau enbor ebaki behar dituzte aizkolariek eta Zizurkilgo igandeko kanporaketan aurrera egiteko faborito nagusiak Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a dira. Horrela dio Jexux Mari Mujika berak: «Bi aizkolari daude, Larrañaga eta Txikia, beste guztiengandik koska batzuk gorago daudenak, eta horiek puskatu egingo dute. Hirugarrengo posturako, adibidez, Mugertza hor dago, oso bizia dena lan horietarako eta adinez oraindik ondo dagoena». Proba nahiko motza izateak, ordea, ezustekoak eman ditzakeela gaineratu du ibartarrak: «Lau kanaerdikotara edozer gauza gertatu daiteke. Adar begi bat tokatuz gero, asko eragiten dizu. Bi faboritoei bi adar begi tokatuz gero ere, sartuko ziren hiru lehenengoetan».

Hirugarren sailkatua bederatzi minuturen inguruan ariko dela esan du Mujikak, baina denbora egur motaren araberakoa ere izaten dela nabarmendu du. Bere burua ez du guztiz ikusten hiru finalisten artean sartzeko: «Ondo prestatu izan banintz... Bizitasun saio batzuk-eta egin behar dira, eta horrelakoak egin izan banitu ez nuen nire burua baztertuko hirugarren posturako. Baina lan handiarekin gabiltza eta astean behin ari nintzen aizkoran aspaldidanik, eta data etorri zenean ingurukoek esaten zidaten prestatzeko. Ez dut, ordea, motibaziorik izan horretarako». Halere, batzuetan motibazio handirik gabe joan eta ondo egitea suertatu izan dela dio. «Ez nuke esango ezezkorik, baina zaila ikusten dut. Adinez ere aurrera eginda nago eta txinparta joan egiten da», esan du Mujikak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!