Artola, Jaka eta Peña II.a, Lau eta Erdiko lehian sartuko dira asteburuan

Tolosaldeko Ataria 2023ko urr. 3a, 14:59
Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena egin dute Bizkaia frontoian. BAIKO

Hirurek final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute: Artolak Agirreren aurka, Jakak Larrazabalen aurka, eta Peña II.ak Elezkano II.aren kontra. Azken partida hori Tolosan jokatuko da, igandean.

Eskualdeko lau pilotari ariko dira Lau eta Erdiko Eusko Label Txapelketan: Iñaki Artola alegiarra, Erik Jaka lizartzarra, Jon Ander Peña tolosarra eta Jokin Altuna amezketarra. Lehenengo hirurak asteburu honetan sartuko dira lehian, final-zortzirenetako kanporaketak jokatzeko. Amezketarrak final-laurdenetako ligaxkarako zuzenean sailkatuta dago, iazkoan finalista izan ondoren. Guztira Baiko Pilotako sei ordezkari eta Aspeko beste sei izango dira kaiolako txapelketan.
Artolak parte hartuko du txapelketa irekiko duen ostiraleko partidan. Aurkaria Agirre izango da, eta frontoia Agoizkoa. Larunbatean, Laudion, Aretan, Jakak eta Larrazabalek neurtuko dituzte elkarren indarrak. Eta igandean, Tolosako Beotibar pilotalekuak bi kanporaketa hartuko ditu. Lehenengoan Urrutikoetxeak eta Salaberriak jokatuko dute elkarren aurka, eta bigarrenean, Elezkano II.ak eta Peña II.ak. 

Asteburuko lau irabazleak final-laurdenetako ligaxkara pasako dira eta bertan izango dira zain Ezkurdia, Altuna III.a, Elordi eta Peio Etxeberria. Zehazki, A multzoan Ezkurdia eta Peio Etxeberria daude, eta Jakak bere partida irabazten badu multzo horretara joango da. B multzoan egongo da Altuna III.a, Elordirekin batera, eta bertan izango dira Artola eta Peña II.a, asteburuan dituzten kanporaketak igarotzen badituzte. 

Final-laurdenetako ligaxkan multzo bakoitzeko lau pilotariek elkarren aurka jokatuko dute. Altuna III.ak bere lehen partida etxean jokatuko du, Amezketako Larrunarri frontoian, urriaren 13an. Ligaxkako partidak jokatu eta gero, multzo bakoitzeko bi lehenengoak finalerdietara sailkatuko dira: multzo bakoitzetik lehen postua geratu dena beste multzoan bigarren postuan geratu denaren aurka jokatuko du. Azaroaren 4an eta 5ean jokatuko dituzte finalerdiak, eta irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, 19an, Bilboko Bizkaia frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!