Gazte Topagune Sozialista aurkezteko saioak egin dituzte eskualdean

Ataria 2023ko urriaren 2a

Argazkia: Tolosaldeko GKS

Batzar informatiboak egin ditu Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak Tolosan eta Ibarran, Gazte Topagune Sozialista aurkezteko eta azken asteetako gertakariak argitzeko.

Urriaren 13tik 14ra ospatuko da Atarrabian eta Burlatan Gazte Topagune Sozialista, Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak antolatuta. «Hausnarketa politikorako, eztabaidarako eta ideien trukaketarako espazioa izango da, sozialismoaren kultura politikoa jaso, sakondu eta hedatzeko gunea», adierazi dute antolatzaileek. Hitzaldiak, tailerrak, kirola egiteko guneak, ikuskizunak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. «Gure antolakuntza propioz eraikitako ekimena da, Euskal Herriko gazte eta ikasle ugariren ekarpena oinarri dituena». 

Horren harira, asteburuan topaketen aurkezpenak egin dituzte eskualdean. Tolosan ostiralean egin zuten, Ezpala gaztetxean, eta ondoren, pintxo-pote musikatu batekin jarraitu zuen egitarauak. Ibarran, berriz, larunbatean egin zuten gaztetxean, eta batzar informatiboaren ostean afaria egin zuten, leku berean.

Aurtengo edizioa aurkezteaz gain, ohiko formatua azaldu zuten. Hain justu, hitzaldiek eta aisialdiak hartzen duten zentralitateaz hitz egin zuten. Hala nola, koiuntura eta gaurkotasunaren inguruko hitzaldiak, eta mugimendu sozialistaren tesi politikoen eguneraketak ematen dira bertan, eta bien bitartean aisialdiko eskaintza ematen da (pilota partidak, tailerrak…). «Bide batez, festa giroa azken egunera murrizten da, topagunearen beste zati bat delarik. Kontuan izanda 5 eguneko egitaraua antolatzen dugula, festa gutxiengoa da».

«Beto politiko bat»

Aurten, ordea, «EH Bilduren eta berau osatzen duen Sortu alderdiaren partetik beto politiko bat» jasaten ari direla adierazi dute. «Bada, apiriletik bildu gara Burlata eta Atarrabiako udaletako arduradunekin, izan teknikari izan alkateekin. Inondik inora ez dizkigute arazoak jarri topagunea egiteko, eta jarri izan badizkigute ere haien proposamenak onartu eta aldatzeko prestutasuna eduki dugu. Uztailaren amaieran jaso genuen lehenengo ezezkoa, Sortu, Ernai eta EH Bilduko hainbat arduradun politikok bilera egin ostean. Eta ordura arte arazorik eragiten ez zuten gauzak ezinezkoak ziren. Abuztu osoan oporretan egon ziren udal langileak eta alkateak, eta irailaren 10ean eduki genuen haiekin biltzeko aukera (Topagunerako hilabete faltan). Arazoen artean hainbat aipatzen dituzte, urtean makro-jaialdi bat egin behar dela adostu zutela (HTXRock), kanpalekua «uholde arriskuko gunea» omen da, etab. Gure topagune eredua, baina, ez da makro-jaialdi bat, festa ez baita erdigunea, eta kanpalekua «uholde arriskuko gunea» denaren argudioa erori egiten da ikusita duela astebete zirku bat antolatu zutela bertan. Besterik gabe, Ezker Abertzaleak hainbatetan salatu duen betoa erreproduzitzen ari da. Lehen UPNk egiten zuena orain berak egiten du, aitzakia teknikoak argudiatuta». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!