Azken Mugak Leire Malkorra arkeologoa saritu du

Ataria 2023ko ira. 27a, 16:18

Et Incarnatus orkestrako Migel Zeberio, Azken Mugako Guillermo Olmo eta Leire Malkorra Garoa Saria eskuetan duela.

Azken Muga ekimena bukatu berri da eta aho zapore ona utzi du antolatzaileen artean. Pasa den asteburuan izan zituzten azken ekitaldiak, horien artean Garoa Saria ematearena. Aurten Irulegiko eskua aurkitu zuen Leire Malkorra Renovales arkeologo tolosarrari eman diote.

Zortzigarren aldiz egin dute Azken Muga ekimena. Jaialdiari bukaera emateko Beteluko eta Araitzeko 40 ikasleren bisitatu izan zuten eta Zaratetxeko eta basoko erakusketa ikusi ahal izan zituzten. Bertako artelan batzuk marraztu zituzten lehenik, eta gero basoan kokatu ziren horma-irudiak margotu zituzten.

Aurretik izan dituzte bestelako ekitaldiak. Pasa den igandean Et Incarnatus orkestraren Udazkeneko Ekinozio kontzertua entzun ahal izan zen Zaraten, eta emanaldiaren bigarren zatian han bildutakoek euskal kanta ezagunak interpretatu zituzten orkestrarekin batera. Kontzertuaren amaieran aurreko astean ospatu zen Aralarreko V. Artzain Gazta Lehiaketako sari banaketa egin zuten. Guztira zazpi parte-hartzaile izan ziren eta irabazlea Ataungo Troskaeta gaztandegia izan zen, Orendaingo Zelaieta eta Uztegiko Antsonearen aurretik. 

Garoa Saria banatu zuten, era berean. Kultura eta sustraien alde lan egin duen eskualdeko pertsona bat saritu nahi izaten dute Garoa Sariaren bidez,  eta aurten Irulegiko eskua aurkitu zuen Leire Malkorra Renovales Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo boluntario tolosarrak jaso du. Aurreko urteetan Resu Balerdi artzain eta dantzari bedaiotarra, Antxon Elosegi kultur eragile tolosarra, Araitz bailarako Txaro Garate, Marianjeles Urrizalki eta Mila Pereda, eta Xabier Leturia panderojole billabonatarra saritu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!