Dokumentala eta gida praktikoa osatu dituzte auzolana ardatz

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ira. 25a, 17:00

'Auzolangiltza' dokumentalaren aurrestreinaldia egingo dute asteazkenean, Topic zentroan; estreinaldi ofiziala, berriz, urriaren 5ean izango da, Alegiako zineman.

Auzolanaren inguruan hausnartzeko proiektua jarri zen martxan 2021ean, Tolosaldean: Auzolangiltza. Hainbat hilabetez eskualdeko zenbait eragilerekin elkarlanean gaia jorratu ondotik, dokumentala eta gida praktikoa ondu dituzte. Ekimenaren izen bereko ikus-entzunezko lana Iker Iriartek eta Pablo Dendaluzek egin dute eta Agurtzane Belaunzaran arduratu da gida praktikoa osatzeaz. Dokumentalaren aurrestreinaldia asteazkenean egingo dute, Topic-en, 19:00etan. Estreinaldi ofiziala, berriz, urriaren 5ean izango da, hori ere 19:00etan, Alegiako zineman.

Proiektua elkarlanean garatu dute hainbat erakundek, horien artean, Tolomendi landa garapen elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Huhezi kooperatibak, Eusko Ikaskuntzak eta Tolosako zein Alegiako udalek. Iker Karrera Tolomendiko arduradunak azaldu du dokumentalaren helburua ez dela izan «egia absolutua» aurkeztea eta defendatzea, baizik eta auzolanaren inguruko «hausnarketa kolektiboa» sustatzea.

Aurkezpen ekitaldian izan da, baita ere, Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko ingurumen zinegotzia. Haren hitzetan, Tolosan «oso sustraituta» dago auzolanerako joera edo ohitura, eta udaletik dagokiena omen da joera horri «bide ematea».

LEHENA, ORAINA ETA GEROA

Iker Iriartek, dokumentalaren ekoizleetako batek, berriz, nabarmendu du iraganeko jendearen lanari «aitortza keinua» egitea izan dela asmoa. Bide beretik, aipatu du hiru ardatz landu dituztela ikus-entzunezkoan: tradizioz nolakoak izan diren auzolanak; gaur egungo jarduerak nolakoak diren; eta etorkizunera begira zein izan daitezkeen gakoak ohitura gal ez dadin.

Dokumentalak 45 minutu inguru irauten du, eta urte eta erdiz aritu dira osatzeko materiala biltzen. Horretarako, egileak azaldu duenez, hogeita bost pertsona inguru elkarrizketatu dituzte, eta «dozena bat herritan» izan dira bertan egiten dituzten auzolanak nolakoak diren jasotzen.

Aurretik aipatu bezala, dokumentalaren aurrestreinaldia asteazkenean izango da, Tolosako Topic-en, eta estreinaldi ofiziala urriaren 5ean egingo dute, Alegian. Horiez gain, lana ikusgai izango da urriaren 20an, Amezketan; urriaren 21ean, Etxalarren (Nafarroa); azaroaren 29an, Orion (Gipuzkoa) eta udazken ingururako ere adostu dituzte hainbat emanaldi Bilbon eta Gautegiz Arteagan (Bizkaia), besteak beste. Iriartek adierazi du «gustura» aurkeztuko dutela lana, egindako bideak «merezi izan duela», eta orain dokumentalari dagokiola «bere bide propioa» egitea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!