Renfeko tren zerbitzua etengo dute asteburuan Tolosa eta Andoain bitartean

Ataria 2023ko irailaren 26a

Renfek trenbideak hobetzeko lanak egin behar ditu eta ondorioz, autobusak jarriko ditu geltokian. Autobusak  Anoetan, Villabonan eta Andoainen egingo ditu geldialdiak.

Renfek trenbideak hobetzeko lanak burutu behar ditu eta, ekainean egin bezala, datorren asteburuan, hau da, irailaren 30ean eta urriaren 1ean, tren zerbitzua etengo du Tolosa eta Andoain bitartean. Zerbitzua eta bidaiarien joan-etorriak bermatzen jarraitzeko, ordea, autobusak jarriko ditu tren konpainiak. Autobus horiek Tolosako geltokitik irtengo dira eta trenak egingo lituzken geldiune berdinak egingo ditu, kasu honetan Anoetan, Villabonan eta azkenik Andoainen (Tolosako herrigunean ez da geldituko). Behin Andoainera heltzerakoan, bidaiariek trena hartu ahal izango dute berriro. Alderantzizko noranzkoan ere berdin.

Autobusen joan-etorria bermatzeko, Tolosako geltokiko aparkaleku batzuk erreserbatuko dituzte, eta, ondorioz, ezingo da bertan aparkatu. Udaltzaingoak erreserbatutako eremuak behar bezala seinaleztatuko dituela esan du Tolosako Udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!