Minbizidunentzat yoga saio bereziak eskainiko dituzte

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 26a, 07:59

Urrian, lau asteazkenetan, yoga onkologiko saioak eskainiko ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak; gaixo daudenei laguntza eskainiko diete saioen bidez

Minbiziaren Aurkako Elkarteak doako yoga ikastaroak antolatu ditu Tolosako Parashakti eskolan, minbizi prozesua igarotzen ari diren herritarrentzat. Urriaren 4tik 25era, asteazkenero 11:15etatik 12:30era izango dira saioak Raquel Rodriguez (Beasain, 1981) irakaslearen eskutik eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Minbiziaren Aurkako Elkartearen webguneko formularioa beteta. Informazio gehiago nahi duenak 943 65 21 43 telefonora hots egin edo gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera idatzi dezake.

Minbizi prozesuan daudenen baldintza fisiko eta emozionaletara egokitzen den yoga onkologikoa da ikastaro horietan eskainiko dena. Rodriguezen esanetan mesede «handia» ekarri diezaieke gaixoei horrelako saio batean parte hartzeak: «Konbentzionalak diren tratamenduekin osagarria den aktibitatea da yoga onkologikoa eta zenbait ikerketa zientifikok babesten dute. Minbizia dutenak akonpainatzeko balio du. Ez du gaixotasuna sendatuko, baino gaixoari lagundu diezaioke bere errehabilitazio fisiko eta emozionala berreskuratzen, ongizatea bilatzen».

Yoga tradizionalak eta beste yoga mota batzuk egokituz praktikatzen da yoga onkologikoa. Arnasketak, erlaxazioak, posizioak eta teknika guztiak gaixoen egoera fisikora egokitzen dira. «Gaixotasunak berekin dakartzan zenbait aje arintzen laguntzen dute teknika hauek. Ehunak malgutzen, artikulazioak deskonprimitzen eta askotan tratamenduek dakartzaten bigarren mailako ondorioei aurre egiten laguntzen du yoga onkologikoak, baita askotan, loaren kalitatea hobetzen ere», dio Rodriguezek.

Minbizia duen gaixoaren egoera fisikora ez ezik, haren egoera emozionalera ere egokitzen dituzte yoga onkologikoko saioak. Irakaslearen esanetan, beldurra, antsietatea, estresa edota depresioa nozitzen dituzte maiz minbizidunek. «Gaitza daukazula esaten dizuten unean, justu momentu horretan, ahulen sentitzen zaren garaian kudeatu behar dituzu emozio horiek. Arnasketak eta mugimenduak oso lagungarriak dira horretarako, nerbio sistema erregulatzen laguntzeko». Rodriguezen ustez, saio horietan parte hartzen dutenek espazio seguru bat topatzen dute yoga eskoletan, konfiantzazko giro bat: «Ez dute beste ezertan pentsatu behar, ez dute itxura egin behar, gorputzarekin konektatzeko aukera eman behar diote beren buruari, besterik ez. Izan ere, prozesu hauetan, gaixoak uneren baten pentsa dezake kontrola galtzen duela, berari buruzko erabakiak ingurukoek hartzen dituztela; zurrunbilo horretan, alde batetik bestera darabilte. Bada, yoga onkologikoak, zuretzako, soilik zuretzako den espazio bat eskaintzen dizu».

TERAPIA LAGUNGARRIA

Rodriguezek Donostian eskaini izan ditu yoga onkologikoko saioak, eta ikasle guztiek, aktibitatea «oso modu positiboan» baloratu izan dutela dio. «Estresa murrizten, emozioak kudeatzen, kontzentrazioa errazten eta askotan autoestima indartzen ere laguntzen dute saioek». Irakaslearen esanetan, errespetua eta entzumen aktiboa praktikatzen dituzte eskola horietan eta saiatzen dira norberaren prozesua errespetatzen: «Badaude, isilik gerturatzen direnak, besteekin harreman handirik nahi ez dutenak eta alderantziz beren egoera konpartitu nahi izaten dutenak. Modu batera edo bestera, egoera bera bizi duten beste pertsonekin espazio hori konpartitzea denentzako da lagungarria».

Irakasle gisa, saio horietan gauza ederrak pasa izan zaizkiola esan du Rodriguezek. «Gogoan dut erramu batekin gerturatu eta parte hartzaile bakoitzari lore bana oparitu zigun ikaslea. Oso klase bereziak dira eta sortzen diren harremanak benetakoak dira. Askotan saioa bukatu eta elkarrekin zerbait hartzera joaten dira ikasleak, edo Whatsapp taldeak sortzen dituzte».

Gaixotasuna ezaguna du Rodriguezek; 2017an bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta aurretik yoga ezaguna bazuen ere, une erabakigarria izan zen beretzat. Yogaren ezagutzan sakondu, prestakuntza berezia jaso eta yoga onkologikoaren munduan murgildu zen. Gaur egun, yoga onkologikoaren nazioarteko sareko kidea da. «Saiatzen gara gure hondar aletxoa jartzen, guk oso teknika baliagarria dela uste baitugu. Baina ez guk bakarrik, Herrialde Katalanetan, hiru ospitale publikotan eskaintzen dute yoga onkologikoa. Gure desioa izango litzateke hemengo osasun publikoan ere aukera hori kontuan hartzea».

Tolosan, taldea osatzen bada, urriko lau asteazkenetan eskainiko dituzte saioak eta Rodriguezek minbizia dutenak animatu ditu gerturatu daitezen: «Proba dezatela behintzat eta ondoren erabaki eurentzako egokia den edo ez. Ez dute mirakulurik izango baino yoga onkologikoak euren prozesua hobeto eramaten lagundu diezaieke. Aparteko aurkikuntzarik ere ez dugu egiten, denok daramagu soinean erreminta kaxa bat: gure arnasketa, gure gorputza. Horiek baliatuta, gure egoerara egokitu eta momentu zail eta ezerosoenetan ere ongizate bat bilatzen lagundu diezaguke yogak».

Doakoa izan arren, aurrez eman beharko da izena ikastaroan eta Minbiziaren Aurkako Elkartearekin jarri beharko da harremanetan horretarako.

MINBIZIDUNAK ARTATZEKO GUNEA TOLOSALDEAN

Minbiziaren Aurkako Elkarteak arreta psikosoziala eskaintzen die Tolosaldean gerturatzen diren erabiltzaileei. Urtean 100 lagun inguru bertaratzen da eskualdeko egoitzara, elkartetik bideratzen dituzten zerbitzuak eskatzeko. «Izan daitezke gaixotasuna lehen pertsonan bizi duten herritarrak edo haien ingurukoak, baina guztiek dituzte behar sozial eta psikologikoak eta elkartetik horiei erantzuten saiatzen gara», esan dute Minbiziaren Aurkako Elkartetik.

Urtean zehar hainbat ekimen egiten dituzte Tolosaldean, orain yoga onkologiko saioa antolatu duten bezala, erretzeari uzteko ikastaroak edo prebentzio saioak ere egin izan dituzte eskualdeko herri ezberdinetan. Ortopedia materialaren mailegua ere bideratzen dute bertatik. «2022an, adibidez, 368 gizarte esku-hartze burutu genituen eta 396 saio, arreta psikologikoa emateko». Gainera, elkartetik bideratu izan dituzten ibilaldi osasuntsuetan 27 pertsonak parte hartu izan dute jarraikortasunez.

Elkarteko arduradunen esanetan, Minbiziaren Aurkako Elkartera laguntza eske gerturatzen diren askok ezezagutza handia dute gaixotasunaren inguruan eta informazioa da, gehienbat, eskatzen dutena, «edo askotan euren egoerari arreta jarri eta entzungo zaien espazio bat behar izaten dute». Egoera horiei guztiei erantzuten saiatzen dira elkarteak Tolosaldean duen egoitzatik.

Ekimen horiek guztiak ateratzeko, diru bilketak antolatu ohi dituzte urtero Villabonan, Ibarran, Tolosan eta Zizurkilen. «Behar beharrezkoak ditugu, elkarteko zerbitzu guztiak finantzatzeko. Kontuan hartu behar baita guk egiten dugun eskaintza hori guztia doakoa dela». Elkartetik adierazi dutenez bildutako diruaren zati bat ikerketa onkologikoan sakontzeko baliatzen dute, arlo horretan aurrerapausoak eman daitezen.

Tolosaldean Minbiziaren Aurkako Elkarteak Tolosan du egoitza, Emeterio Arrese kaleko 2. zenbakian, herriko elkarteek partekatzen duten espazioan. Bertan jasotzen dituzte eskaerak eta ematen dute informazio guztia. Bulego ordutegian, 943 65 21 43 telefono zenbakira deituta jarri daiteke jendea haiekin harremanetan. Bestela, Gipuzkoako egoitzatik bideratzen dituzte ikastaro eta ekimenetako asko, eta horien inguruko informazioa lortzeko Contraelcancer.es webgunera jo daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!