Festan murgildu dira gurpilen gainean

Leyre Carrasco 2023ko ira. 22a, 21:00

Mugikortasun Astearen barruan, Tolosa eta Ibarra arteko 'Bizibira Fest' bizikleta martxa ospatu dute Zerkausian, Intujai taldeak dinamizatuta.

Garapen jasangarriaren alde, Mugikortasun Astea ospatzen ari dira Europa osoan, eta gaur dute ospakizunerako azken eguna. Tolosako Udalak, Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du eta hainbat ekintza antolatu ditu aldaketa klimatikoaren erronkari aurre egiteko eta mugikortasun eredu eta aukera berriak bultzatzen jarraitzeko. Horietako bat izan da gaur arratsaldean ospatu duten Bizibira Fest ekimena.

Tolosako Udalak, Ibarrako Udalarekin eta Tolosaldea Garatzenekin batera antolatutako ekimena izan da. Hain zuzen, lehenengo, bizikleta martxa egin dute Ibarra eta Tolosa artean, eta ondoren, festa izan dute Zerkausian.

Bizikleta martxari dagokionez, hiru abiapuntu izan ditu: Ibarrako San Bartolome plaza, Tolosako San Juan Plaza (Arramele ermitaren alboan) eta Herrikide ikastetxea. Parte hartzaile guztiak elkartu ostean, 17:30ak aldera Zerkausiara iritsi dira Intujai taldearen laguntzarekin eta bertan, festa egin dute; jolasak eta tailerrak egin dituzte haurrentzat, eta horrez gain, berrikuntza modura, Oriako Limousin Txirrindularitza Eskolako kideek bizikleta gainean trebetasuna lantzeko zirkuitua ere antolatu dute.

Indarrak berreskuratzeko aukera ere izan dute txirrindulariek, bertan, jaki eta edariak baitzeuden.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!