Berastegin eta Elduainen bide-segurtasuna hobetzeko lanei ekin die Aldundiak

Tolosaldeko Ataria 2023ko ira. 21a, 19:00

GI-2130 errepidean zehar, oinezkoen pasabide bat hobetuko da Berastegin eta Elduainen, aldiz, bihurgune bat hobetuko da eta udaletxe aurrean autobus geraleku bat eraikiko da.

Tolosa eta Leitza lotzen dituen GI-2130 errepidean zehar, hobekuntza-lan sorta bati ekin dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru puntutan, Berastegi eta Elduain udalerrietan. Lanak jada hasita daude Berastegiren kasuan eta jarduketa denak hiru hilabeteko epean gauzatu ahal izatea da Bide Azpiegituretako departamenduaren aurreikuspena. Lan hauen berri eman eta zehaztasunak argitzeko, Maria Ubarretxena foru diputatua Berastegiko alkate Andoni Zuriarrainekin eta Elduaingo alkate Oihana Amundarainekin batzartu da gaur.

Hala, Berastegin, GI-2130 errepidearen 11+800 puntu kilometrikoan hasi dira jada lanak, eremu hori berrantolatuz oinezkoen eta bideen arteko harremana hobetzeko helburuarekin. Ubarretxenak azaldu duenez, «galtzada bakarreko errepide honek, kontuan hartzeko moduko trafiko intentsitatea du eta beharrezko ikusi da segurtasuna eta erosotasuna handitzeko esku-hartze hau». Horretarako, galtzadaren bi bazterrak elkarrekin lotuko dituen oinezkoentzako bidegurutzea eraikiko da. Pasabide berriak honek ez du oinezkoen lehentasunik izango, baina bidearen erdian hormigoizko irlatxo bat eraikiko da, oinezkoak geratu eta errepidearen beste aldera segurtasunez pasa daitezen. Moldaketa hau gauzatu ahal izateko, plataforma handiagotu beharko da eremu horretan, eta lurzoruari eutsiko dion harri lubetazko horma berria eraiki beharko da. Era berean, espaloi zabalagoak eratuko dira Leitzako noranzkoan zein Elduaingoan, eta horrela, oinezkoak segurtasun handiagorekin ibiliko dira, baita espaloietan ere. Obra 155.063 eurotan esleitu da eta 10 asteko epean exekutatu ahal izatea da aurreikuspena.

Elduaingo lanei dagokienez, GI-2130 errepidearen 8,000 puntu kilometrikoan, eta aurrerago, udaletxe parean egingo dira bide-segurtasuna hobetzeko bi jarduketa. Lanak egunotan hasiko direla zehaztu du Ubarretxenak. Lehen kasuan, puntu horretan aurkitzen den bihurgunea zabalduko da, aurrez aurre datozen bi ibilgailu astun segurtasunez igaro ahal izateko, estua eta erradio murritzekoa baita kurba hau. Hala, erreien zabalerak egun dituzten 2,62  eta 2,89 metroetatik, 3,17 eta 3,02 metroetara iritsiko dira. Honek, halaber, bihurgunearen barnealdean bazterbidea egitea ahalbidetuko du.

Herrian bertan egingo den bigarren jarduketa udaletxe parean gauzatuko da, gaur egun ez dagoen oinezkoentzako espaloi bat eta autobus geraleku bat sortuko dituena errepidearen beste aldean. Oinezkoentzako pasabide bat ere diseinatu da geralekua hirigunearekin zeharka lotzeko. Gaur egun, Elduaingo zeharbidean 50 kilometro orduko abiadura muga dago, baina oinezkoentzako bidegurutzea ezartzeak abiadura murriztea ekarriko du. Tarte honetan, itxura hiritarragoa izateko, aglomeratu inprimatua aplikatuko da. Obra osoa 145.498 eurotan esleitu da eta 3 hilabeteko epea dauka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!