Eskualdeko lau pilotari, Lau eta Erdiko Txapelketan

Ataria 2023ko irailaren 21a

Baikok aurreratu du Peña II.ak, Artolak eta Jakak jokatuko dutela, eta ezusterik ezean, Altuna III.a ere bertan izango da.

Udazkenean sartzearekin batera, eta udako torneoak amaitzen doazen honetan, pilotariak Lau eta Erdiko Txapelketarako prestatzen ari dira. Aurten, urriaren 6ean hasiko da, eta finala azaroan jokatuko dute.

Baiko Pilota enpresak dagoeneko baieztatu du txapelketan zein sei pilotarik parte hartuko duten, eta horien artean daude Iñaki Artola alegiarra, Jon Ander Peña tolosarra eta Erik Jaka lizartzarra. Urrutikoetxea eta Larrazabal ere txapelketan ariko dira, eta azken pilotaria Agirrek eta Zubizarreta III.ak jokatuko duten aurre-kanporaketan erabakiko da. Partida hori irailaren 30ean, larunbata, jokatuko dute Itziarko (Deba) Zabalsoro pilotalekuan.

Egun berean izango da Aspeko bi pilotariren arteko aurre-kanporaketa, eskualdean. Elezkano II.ak eta Dariok Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatuko dute ; 17:15ean hasiko da jaialdia eta bigarren partida izango da. Lehen partidan, Salaberriak eta Erostarbek, Expositoren eta Tolosaren aurka jokatuko dute. Bi jaialdietako sarrerak dagoeneko salgai daude Entradasfronton.com webgunean. Beotibarkoen kasuan, merkeenek 10 euro balio dute eta garestienek 25 euro.

Eibarko enpresak oraingoz ez du txapelketan parte hartuko duten pilotarien zerrenda argitaratu, baina ezusteko erraldoirik ezean, Jokin Altuna amezketarra, iazko txapeldunordea (22-21 galdu zuen finala Ezkurdiaren aurka), zerrenda horretan egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!