«Solomilloa» baino, «azpizuna» egokiago

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko ira. 19a, 17:57

Galtzaundi Euskara Taldeak eta eskualdeko 20 harategik 'Solomilloa edo azpizuna eskatu nahi duzuna!' kanpaina aurkeztu dute, euskararen erabilera areagotzeko. Haragi zatien hiztegi bat osatu dute eta urrian zehar bertako produktuak zozkatuko dituzte.

Euskararen erabilera areagotzea helburu duen kanpaina berria jarri dute martxan Galtzaundi Euskara Taldeak eta Tolosaldeko zenbait harategik: Solomilloa edo azpizuna eskatu nahi duzuna!. Amasa-Villabonako, Ibarrako, Tolosako eta Zizurkilgo harategi guztiek (20 denera) parte hartuko dute.

Amaia Doyague Galtzaundi Euskara Taldeko kideak nabarmendu duenez, saltokietako idatzietan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartzeaz gain, ahozkotasunean ere eragin nahi dute. «Harategi bakoitzaren errealitatearen arabera, eman beharreko pausoak proposatu genituen, eta gero, hartu beharreko konpromisoak adostu ditugu; dagoeneko, aldaketak egiten ari gara». Horri lotuta, urriaren 2tik 21era bitarte bertako produktuak zozkatuko dituzte, egindako aldaketa horiek bistaratzeko.

Hori dela eta, eskariak euskaraz egitera animatu nahi dituzte herritarrak. «Bezeroak ez dauka aitzakiarik euskaraz ez erosteko. Batetik, eskatu nahi den piezaren izena euskaraz ez jakinda ere, lasai eskatu daiteke euskaraz. Bestetik, jakin beharrekoa da harategietako langileen %90 baino gehiago euskaldunak direla», azaldu du.

Harategiak «euskararen babesgune» ere izan daitezkeela gaineratu du Doyaguek. «Zenbait bezero euskara-maila hobetu nahian dabiltza, eta euskara erabiliz ikasten denez, garrantzitsua da eguneroko gauza txikiak euskaraz egitea. Bezeroek saltsan jarri behar dute belarria prest egoteko; beste batzuek ulertu arren, euskara praktikatzeko konfiantzazko komertzioak behar dituzte. Dendariak bezeroari euskara ulergarrian egiten badio, bezero horrek dakien euskara hori erabiliko du, eta denborarekin hiztegia handitzen joango da. Horretarako gune aproposak dira. Elkarrizketa laburrak izaten dira, oso zehatzak, testuingurua markatua da, produktuak ikusgai daude, eta horrelako elkarrizketekin hasi behar du euskara ikasten ari den batek».

Haragi zatien hiztegia

Ahozkotasunaz gain, hizkuntza-paisaiak ere «garrantzia» daukala azpimarratu du Doyaguek. «Bezeroa hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen dugu. Zenbait bezero ohituta daude euskaraz «solomilloa» eskatzera, baina ez dago soberan azpizuna dela jakitea; eta asko dira gaztelaniazko izenekin eskatzen dutenak. Horiek ere pixkanaka euskalduntzen joan behar dugu, horrek berak euskara presenteago egoten lagunduko du-eta».

Bai Galtzaundik, baita parte hartuko duten harategiek ere, herritarrak euskaraz erostera gonbidatu nahi dituzte. Horretarako, gaurtik aurrera animalien zatien hiztegiak banatuko dituzte saltokietan. «Ahal bada, euskaraz esan ditzatela piezen izenak», esan du Elena Muñagorri Tolosako harakinak.

Gaurko aurkezpena baliatu nahi izan du Galtzaundik, herrietako saltokiek, eta kasu honetan, harategiek, duten balio soziala azpimarratzeko. «Nabarmena da gure herriaren garapenean duten eragina, eta txalotzekoak dira da euskararen erabileran ematen ari diren pausoak. Orain herritarroi dagokigu gure eguneroko praktiken bitartez hori balioan jartzea», esan du Doyaguek.

Kanpainan parte hartuko duten harategiak:

  • Amasa-Villabona: Altzo, Garmendia eta Musturinea.
  • Ibarra: E. Uranga, Errazkin, Joakin, Joxe Mari Barriola eta Juan Bautista Barriola.
  • Tolosa: Alejandro Goya, Arozena, Brontxillo, Imanol Barriola, Iturralde, Miren, Muñagorri, Olasagasti, Otzarreta eta Yoseba Barriola.
  • Zizurkil: Iraola eta Joxean.

Kanpaina ikusarazi eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat zabaldu du Galtzaundik zinema aretoetan eta sare sozialetan:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!